Zamalkadurak lurrazalaren deformazio prozesuen ondorioz sortzen diren estruktura geologikoak dira, unitate ezberdinen gaineko irristatzeaz ezaugarrituta. Fenomeno hori testuinguru konpresiboetan gertatzen da, indar tektonikoekarrokenerresistentzia gainditzen dutenean. Zamalkaduraren geometria faila plano batez definitu ohi da (makurtua edota horizontala), gaineko unitatea azpiko unitatearen gainera mugitzea ahalbidetuta dimentsio handiko prozesu batean.
Zamalkaduretan, faila guztietan bezala, bi bloke bereizten dira: gaineko blokea eta azpiko blokea, bien arteko bereizketa desplazamendu planoa edo faila planoa izanda. Dena den, baliteke plano hori ez azaleratzea, zamalkaduraren identifikazioa oztopatuz. Honako kasuan, zamalkadura “ez-azaleratua” litzateke, eta, aldiz, azaleratuz gero “azaleratua” litzateke. Faila planoan desplazamendua 0 den puntuari “tip-point” deritzo. Plano horizontalean tip-point guztiak batuz gero “tip-line” lerroa lortzen da.
Failak eragindako desplazamenduaz gain, geruzek deformazio plastikoa jasan dezakete eta, gaineko blokean antiforma itxurako tolesa sortzen da. Tolesen geometria askotarikoa izan daiteke, materialen konpetentzia, dimentsio edota failaren desplazamenduaren arabera. Gainera, toles horiek gehienetan faila planoaren geometriarekin lotuta egoten dira, bi atal nagusi desberdintzen dira: batetik, desplazamendua horizontalki ematen da, mugimendua aurreranzkoa izanik. Osagai horri lautada deritzo; bestetik, aurreranzko mugimenduaz gain, desplazamendu bertikala pairatzen duen planoaren zatiari arrapala deritzo, tolesen sorrera eta gaineko blokearen goratzea eragiten.
Toles gerrikoetan eta orogenoetan ohikoa izaten da eskailera itxurako desplazamendu-geometriak sortzea, failarekin eraginez sortu daitezkeen tolesekin batera. Konpresio honetan bi sekzio bereizten dira; paraleloki aurkitzen den eta desplazamendu horizontala jasan duen sekzioari lautada deritzo. Aldiz, desplazamendu bertikala pairatu duen sekzioari arrapala deritzo.
Historia
Zamalkadurak hainbat geologoen ikerketa-lanei esker ezagutarazi ziren, konkretuki Arnold Escher von der Linth (Suiza, 1807-1872), Albert Heim (Suiza, 1849-1937) eta Marcel Alexandre Bertrand (Frantzia, 1847-1907) geologoek Glaris Alpeetan (Glarisko zamalkaduran) egindako lanei esker. Dena den, aipagarriak dira beste geologo batzuen ekarpenak ere: Charles Lapworth (Inglaterra, 1842-1920), Ben Peach (Erresuma Batua, 1842-1926) eta John Hornek (Erresuma Batua, 1848-1928) Eskoziako Moineko zamalkadura-gerrikoko eremu batzuetako ikerketak, Alfred Elis Törnebohm-en (Suedia, 1838-1911) lanak Eskandinabiako Kaledoniarretan eta R. G. McConnell-en azterketak Kanadako Mendi Harritsuetan.[1][2] 1880ko hamarkadan baieztatu zen geruza zaharrenak geruza gazteagoen gainetik zamalkaduren bidez jartzen direla.
Zamalkadura motak
Alderantzizko faila
Zamalkadurek faila planoaren inklinazio-angelu txikiak izaten dituzte. Angelu handiko desplazamendu-faila bati (30º-tik gorakoa) alderantzizko faila deritzo.[3] Zamalkadura baten eta alderantzizko faila baten arteko diferentzia bere eraginaren ezaugarrietan dago. Alderantzizko faila litologia-unitate desberdinak zeharkatzen ditu eta zamalkadurak, berriz, litologia-unitateen barruan edo angelu baxu batekin gertatzen dira. Askotan, zaila izaten da zamalkadurak ezagutzea, haien deformazio eta dislokazio-ardatzak detektatzea zaila izan daitekeelako litologia unitate barruan gertatzen direnean, kontaktu litologikoen desplazamendu nabarmenik gabe.
Faila planoaren angelua txikia bada (normalean 20 gradutik beherakoa horizontalarekiko) eta bloke zamalkatzailearen desplazamendua (goikoa) handia bada (askotan kilometrikoa), faila zamalkadura deritzo. Higadurak bloke zamalkatzailearen zati bat desagerrarazi dezake, ondorioz, fenster bat (edo leiho bat) sortzen da, oinarri-blokea nahiko eremu txikian bakarrik azaltzen denean. Higadurak bloke zamalkatzaile gehiena ezabatzen duenean, beheko blokean dagoen uharte baten antzeko material-hondarrak bakarrik utzita, hondarrek uharte tektoniko edo 'klippe' (plurarean klippen) bat osatzen dute.
Zamalkatze-faila itsuak
Faila-planoa lurrazalera iritsi aurretik amaitzen bada, zamalkatze-faila itsua edo alderantzizko faila itsua deritzo. Lurraren gainazalean probarik ez dagoenez, faila itsu hauek hautematea eta bereiztea zaila izaten da, hautsi egiten diren arte behintzat.
Adibide moduan, Northridgen (Kalifornia) 1994an gertatu zen lurrikara suntsitzailea zamalkatze-faila itsu batek eragin zuen. Faila-itsu honen existentzia ezezaguna zen lurrikara gertatu arte.
Zamalkadura tolesa
Zamalkadurek, bereziki azal meheko deformazio-estiloan (thin-skinned) parte hartzen dutenek, arrapala-eskaileretako geometria dute. Zamalkadura gehienak ahultasun-eremu horizontalen bitartez hedatzen dira, sedimentu-sekuentzia baten barruan. Horren adibide dira lutitak edo gatz-geruzak. Ahultasun eremuaren eraginkortasuna murrizten bada, faila maila estratigrafiko altuagoetan mozteko joera izango du (arrapala), harik eta beste ahultasun eremu eraginkor bat lortu arte. Bi plano horizontal lotzen dituen zamalkatze-zatiari arrapala esaten zaio, eta oinarriarekiko 15°-tik 30º-ra bitarteko angeluan eratzen da. Arrapala baten gainean zamalkadura bat etengabe mugitzeak geometria-tolestura bat eragiten du, arrapala antiklinal edo, oro har, failaren tolestura deritzona.
Zamalkadura bikoitzak: duplexak
Zamalkadura bikoitzak edo duplexak sekuentzia sedimentario baten barruan bi faila-plano elkarrengandik hurbil daudenean eratzen dira. Behekaldeko faila-planotik hedatu den zamalkadura batek (oin-zamalkadura deritzona), goikaldeko faila-planoa mozten duenean (gain-zamalkadura deritzona) arrapala bat eratzen du geruza erresistenteenaren barruan. Duplexen ondorioz deformazio-sistema konplexuak eratzen dira lurrazalean, erliebe ugari eta aldakorrak emanik.[4]
Erreferentziak
↑Geikie, Archibald; Peach, B. N. (Benjamin Nieve); Horne, John; Gunn, W. (William); Clough, C. T. (Charles Thomas); Hinxman, L. W. (Lionel Wordsworth); Teall, J. J. H. (Jethro Justinian Harms). (1907). The geological structure of the north-west Highlands of Scotland. Glasgow, Printed for H.M. Stationery off., by J. Hedderwick & sons, ltd. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
↑McConnell, R. G. (1887) Report on the geological structure of a portion of the Rocky Mountains: Geol. Surv. Canada Summ. Rept., 2, p. 41.