Étienne Polverel (1740 – 1795ekoapirilaren 6a) bearnes abokatu eta iraultzaile izan zen. Sendi aristokratako semea eta bertan hazia, Bearnoko sindiko bilakatu zen, eta gero Nafarroako Estatu Nagusiek kontratatu zuten beren sindiko (ordezkari) izan zedin.
Nafarroako Estatu Nagusiek 1789an Parisera deitutako Estatu Nagusietarako kontratatu zuten Polverel. Bertan, Nafarroaren subiranotasuna defendatu zuen, baita Frantziako Erresumaren eskubide berdinak eta independenteak zituela ere. Horretarako txosten luze eta umo bat prestatu zuen Nafarroaren ezaugarri historikoez, Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre et de ses rapports avec la France deitua.[2]
«
Ez dugu epaiketarik nahi frantsesez, gure jendeak ez baitira mintzaira horretan elekatzen, epaiketa horiek euskaraz egitea nahi dugu, hura baita nafarren hizkuntza.
»
—E. Polverel, 1789
Urte horretan bertan, posizio iraultzaileenen presiopean, Luis Frantziako eta Nafarroako erregeak "frantziarren errege" izena hartu zuen trukean. Nafar ordezkariek (Frantxistegi tartean), hori entzunik, batzarrean ez parte hartzea erabaki zuten, haiek frantziarrak ez zirelakoan. Polverelek, orduan, defendatu zuen Nafarroak estatu independente bat osatzea beste aukerarik ez zuela.[3]
Esklabotza deuseztatzearen alde
Nafar foruak, bereziki, eta Ipar Euskal Herrikoak, oro har, bertan behera utzi ondoren, Polverel Parisen geratu zen, eta jakobinoen taldeko kide bihurtu. Bertan, esklabotza legez kanporatzearen alde nabarmendu zen.[2] 1792an, apirilaren 4an onartutako beltzen eta zurien eskubide berdinen legea ezartzera bidali zuten Hispaniolara Leger Felicite Sonthonaxekin batera. Bertako elite zuriek ez zuten onartu, are gutxiago esklaboek Kolonietako Batzarrean tokirik izatea, eta gogor egin zioten.
1795ean, Frantziara deitu zuten atzera eta, bertan, zenbaiten etsaigoa irabazirik baitzeukan, tartean kolono zurien metropoliko kideena, Osasun Publikoko Batzordearen aurrean salatua izan zen. Apirilean hil zen gaixorik, haren gaineko epaia atera baino lehen; auzibide berean, Sonthonaxek kasua irabazi zuen.
Martínez de Muniain, Emilio Valerio. (1993). La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad. Donostia: Txertoa ISBN84-7148-281-9..