Zapata, lur nahiko homogeneoetan zein konpresioarekiko erresistentzia ertain edo altuak dituzten lurretan erabil daitekeen gainazal-zimendapen mota bat da (normalean isolatua). Zapatak, egituraren pilareen azpialdean kokatzen diren hormigoizko prisma zabalak dira. Beraien betebeharra egiturak jasaten dituen tentsioak lurrera transmititu eta finkatzea da.
Zapatak ezin direnean erabili, pilotaje bidezko zimendapenak edo zimendapen-lauzak erabili behar dira.
Zapata motak
Hainbat zapata mota daude. Bi taldetan sailkatu daitezke, pilare bat edo gehiago finkatzeko erabiliko diren, edo hormentzako bermea izango diren. Pilare singularrentzako, zapata isolatuak erabiliko dira, elkarren artean hurbil dauden bi pilareentzako, zapata konbinatuak eta, azkenik, elkarren segidako pilare edo hormentzako, zapata jarraituak erabiliko dira.
Zapata isolatuak
Kalitate oneko lurretan instalatu nahi diren pilareentzako erabili ohi dira, baldin eta pilareek eutsi beharreko kargaren eszentrikotasuna txikia edo neurrizkoa den. Azkeneko baldintza hau normalean eraikin baten ingurukoak ez diren pilareek betetzen dute hoberen.
Zapata isolatuen ertz eta luzeraren arteko erlazioaren arabera ondorengoetan sailkatu daitezke:
zapata zurrun edo deformagarritasun txikikoa
zapata malgu edo deformagarriak
Esfortzu bertikala; zapataren erdialde geometrikoarekiko aplikatua dagoen distantziaren arabera, ondorengo zapatak bereizten ditu:
zapata erdiratuak
zapata eszentrikoak
zapata irregularra
zapata mugakidea
Zapata isolatuen dimentsionaketa zuzena eta egokia izateko, ondorengo frogaketa eta kalkuluak beharrezkoak dira: hondorapen-ahalmenaren frogaketa, oreka-egoeraren frogaketa (irristaketa eta iraulketa-arriskua aztertzeko), berezko erresistentziaren frogaketa eta aldameneko zapaten hondorapenarekiko asentu-ezberdintasunen kalkuluak .
Zapata konbinatuak
Zenbaitetan, pilare bat ezin denean zapataren erdialdean finkatu, hau da, soilik eszentrikoki finkatu daitekeenean, edo flexio-momentu handiak eragindako ertz-pilare bat finkatu behar denean, lurraren bultzada iraulketa gailentzeko nahikoa ez izatea gerta daiteke. Arazo hau konpontzeko era erraza, arazo hau duen pilarearen zapata, hurbileko pilarearen zapatarekin konbinatzea litzateke. Beste konponketa bat, lotze-habeen bidez pilareak elkartzea litzateke. Bietako edozein konponbide erabilita, zimendapenaren iraulketa gailenduko litzakete.
Askotan erabiltzen diren zapata konbinatuak, mehelin edo muga zapatak dira; hauek normalean toki-arazoak direla eta, pilarearekiko eszentrikoki kokatu ohi dira. Zapata hauen forma bereziak lotze-habeen erabilera eskatzen du oreka egokia izateko. Lotze-habea beste bi zapatekin batera, zapata konbinatuaren adibide bat da.
Zapata jarraituak
Euste-hormak edo elkarren artean hurbil dauden pilareak eusteko erabiltzen den zimendapen mota da, erresistentzia baxu, ertain zein altuko lurretan. Muga-zapata motak dira, pilare eta hormak eszentrikoki eusten osatzen baitu inguruko zimendapena. Hormak eta zapatak osatutako multzoa, "L" forma du auzotarraren jabetzan ez barneratzeko. Barneko zapatak aldiz, hormak eta pilareak eutsiko ditu ardatzaren arabera, eta horma-zapataren sekzioak, alderantzizko "T" forma du, multzoaren pisua hobeto banatzeko.
Zapaten kalkulua
Zapaten kalkulurako, hainbat egoera limite (AEL) ez direla gainditzen frogatu behar da,horien artean ondorengoak: