Heidelberg, Zurich eta Leipzigeko Unibertsitateetako irakasle izan zen. Psikologia esperimentaleko lehen laborategia sortu zuen Leipzigen (1879). Psikologiaren oinarria esperientzia zela zioen eta borondatea, hari loturiko sentipenekin batera, esperientzia psikologikoaren parte dela, ezagutza bera baino garrantzizkoagoa. Psikologia esperimentalaren sortzailetzat hartua da.
Nerbio-sistemaren mekanikari buruzko, zentzumenen sentipenei buruzko eta pertzepzioari buruzko lanak egin zituen, eta asoziazio pasiboen eta pertzepzio aktiboaren, adimen-sintesien eta pentsamendu logikoaren oinarri den pertzepzioaren, arteko bereizketa egin zuen.
Lan nagusiak: Beiträge zur Theorie der Sinneswahrnehmung (1858-1862); Vorlesungen über die Menschen und Thierseele (1863); Grundzüge der Physiologischen Psychologie (1873-1874).