Versos con faldas

Versos con faldas
Datuak
Motasolasaldia
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1951
Desagerpena1953

Versos con faldas 1951 eta 1953 urteen artean Madrilen (Espainia) egin zen literatur solasaldi femeninoa izan zen. Gloria Fuertesek, Adelaida Las Santasek eta Maria Dolores de Pablosek bultzatutako mugimendua izan zen, errezitaldietan emakumeen presentzia urria ikusita, poetek euren lana ezagutarazteko eta euren kezka literarioak partekatzeko leku bat izan zezaten.

Solasaldien garapena

Versos con Faldas literatur terlulien lehen solasaldia 1951ko martxoaren 5ean egin zen, Madrilgo Carrera de San Jerónimoko 5. zenbakian zegoen Galiziar Antzokiko Elkarte artistiko-literarioaren sotoan. Esperientziaren berezitasuna zela eta, hainbat argazkilari eta kazetari bildu ziren. Egun batzuk geroago, Pueblo egunkariak artikulu bat argitaratu zuen izenburu honekin:

"Gloria, Adelaida y María Dolores han enfaldado la poesía".[1]

Hasieran, astelehenero biltzen ziren Galiziar Antzerkiaren Elkartean, baina arduradunak berehala hasi ziren presioa egiten, beren topaketa poetikoak han egiteari utz ziezaioten. Gloria Fuertesek honelaxe kontatu zuen "El folletín" komunikabidean 1952an egindako elkarrizketa batean:

"Futbolin-mahai bat jarri zuten gu biltzen ginen aretoan, eta emakume-poetaren bat errezitatzen hasten zenean, bazkideek oihu egiten zuten mahaiaren inguruan, poz handiz”.[1]

Gatazka horren ondorioz, tertulia Idazle eta Artisten Elkartera aldatu zen, eta horrek, bultzatzaileen erresistentziak gorabehera, lokala ordaintzeko eta, hortaz, sarrera gisa pezeta bat kobratzeko baldintza ekarri zuen. Tertulia hamabostekari bihurtu zuen gertakari horrek, gainera, 1952an Francoren Diktaduraren Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak kafe errezitaldi eta tertuliak bertan behera uztearekin batera, tertuliaren indarra pixkanaka galtzearen hasiera izan zen. 1953an desagertu baino lehen, Madrilgo Centro Asturianon eta beste hainbat lokal itxitan ere elkartu ziren.

Versos con Faldas desegin bazen ere, ondorengo urteetan emakume-egile askok loturak eta laguntza sareak mantendu zituzten, beste espazio batzuetan bat egin zuten eta antologiak kaleratu ziren, non horietako batzuen lana jasotzen zen. Horren adibide dira 1954ko Poesía femenina española viviente edo 1971ko Poesía femenina española (1950-1960), biak Carmen Condek argitaratuak.

Parte-hartzaileak

Tertuliak iraun zuen urte eta erdian zehar 60 bat olerkarik hartu zuten parte, baina 47 izen baino ez dira ezagutzen.[1]

Gloria Fuertesez gain, sortzaileen artean dago Adelaida Las Santas (Villarejo de Salvanés, 1918-Madril, 2006), tertuliaren eskuko programak finantzatzeko arduraduna.[2][3] Kazetaria zen lanbidez, eta Madrilgo hainbat egunkaritan kolaboratu zuen. Oso presente egon zen 50eko hamarkadako errezitaldietan, hitzaldi ezberdinak eman zituen 60ko hamarkadatik aurrera eta poesia bilduma bat ere zuzendu zuen. Gainera, Madrilgo Ateneoko Soneto Zikloaren zuzendaria izan zen bi urtez.[4] Hirugarren sortzailea Maria Dolores de Pablos (Madril, 1917-1981) izan zen, idazle polifazetikoa, teosofoa eta pintura eta astrologia zalea.[5] Astrologiarekin lotutako saio bat aurkeztu zuen Radio Españan 1958 eta 1960 artean. Astrologiako irakaslea izan zen 1963tik, eta funtsezkoa izan zen sorkuntzarako Kultura Astrologikoa Eskola egin eta hamar urtera. Bere literatur lana argitaratu barik dago.[1]

Beste parte-hartzaile batzuk hauexek izan ziren: Angela Figuera Aymerich, Sagrario Torres, Carolina D’Antin, María Luisa Chicote, Rosario Moncada, María Ontiveros, Carmen de la Torre Vivero, Elvira González Sierra, Carmen Barberá, Stella Corvalán, Carmen Martín de la Cámara, Josefina de Silva, María Settier, edo María Paz Villoria.

Versos con Faldas (1983) lanaren lehen edizioa

Esperientzia jasota uzteko asmoz, Adelaida Las Santas kazetari eta poetak Versos con Faldas bilduma lana argitaratu zuen 1983an, Gloria Fuertesen hitzaurre eta oharrarekin eta tertuliaren historia kontatu zuen sarrera batekin. Antologiak 47 parte hartzaileren poemak bildu zituen, datu biografiko gutxi batzuekin batera. Egileetako batzuek ibilbide literario ezaguna egin bazuten ere (Gloria Fuertes, Carmen Conde edo Ángela Figuera Aymerich, besteak beste), askorentzat bere lana ordura arte agertu zen argitalpen bakarra izan zen.[6]

Versos con Faldas (2019) lanaren bigarren edizioa

Lehenengo ediziotik abiatuta, Fran Garcerák eta Marta Porpettak ikerketa bati ekin zioten, eta 2019an Versos con Faldas bigarren edizio osatuagoa argitaratu zuten. Bertan, lehen edizioan agertu ziren 47 poeten bizitza berreraiki zen, euren lan batzuekin eta, gehienetan, egileen argazki eta sinadurarekin batera. Argitalpenean, era berean, solasaldi horren eta ondorengo beste batzuen esku-programak aurkeztu ziren, baita poeten arteko liburu-eskaintzak ere.[7]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak