Valsalvaren maniobrabelarri-konpentsaziorako egin daitezkeen maniobretatik bat da. Arnas bideak itxita daudelarik, airea jaurtitzeko ahalegina egitean datza.
Maniobra honen aldaerak azterketa medikoetan erabiltzen dira, baita urpekaritzan, oxigeno hiperbariko terapian edo abiazioan ere, belarriak eta sudur-sinuen presioa berdintzeko.[1]
Historia
Teknikaren izena Antonio Maria Valsalva medikuarengatik da, Bolonian XVII. mendean bizi izan zena.[2] Valsalvak De aure humana 1704ko idazlanean deskribatu zuen maniobra, tinpanoan parazentesi bat egitearekin batera pasmoa belarritik ateratzeko.
Teknika
Valsalvaren maniobra egiteko, hobe izaten da sudurrean pintza ez egitea (gehiegizko indarra ekiditeko). Horren ordez, sudurzuloak atzamar banarekin estaltzea gomendatzen da, zintz eginez.
Erantzun fisiologikoa
Erantzun fisiologiko normalak lau fase ditu.[2][3]
Presioaren igoera
Arnasa botatzeko indarra egitean, toraxaren barruko presioa handitzen da, odola birika-zirkulaziotik ateraraziz, bihotzaren ezkerreko atriorantz. Honen eraginez, maniobraren lehen segundoetan bolumen sistolikoa pixka bat handitzen da.
Zain-itzulera murriztea eta konpentsazioa
Bularraldearen barruko presioak odola bihotzera itzultzea eragozten du. Bihotzak kanpora bidaltzen duen odol bolumena ere murrizten da. Ilustrazioan 5garren segundotik 14garren segundora ikus daitekeen grafika da. Odol presioa jaistean, odol-hodiak modu erreflexuan marruskatzen dira, presioa pixka bat handituz (15-20 segundo artean). Mekanismo honekin odol presioa ia maila normalera itzultzen da, baina bihotzaren emaria oraindik baxua denez, pultsuaren maiztasuna handitzen da (takikardia konpentsatzailea).
Presioa askatzea
Toraxeko presioa lasaitzen denean, birika-hodiak eta aorta berriro zabaltzen dira. Hasieran, honek erorketa txiki bat ekartzen du presio sistolikoan (20-23 segundo artean), ezkerreko atriora itzultzen den odol kopurua murrizten delako eta aorta-bolumena handitzen delako. Zainetatik datorren odola toraxean eta bihotzean sartzen da berriz, eta bihotzaren punpatze-ahalmena handitzen da.
Bihotzaren emariaren itzulera
Bihotzera odol gehiago sartzen da, emaria ere handituz (24 segundotik aurrera); are, ohiko kopurua ere gainditzen du, maila normalera itzuli aurretik. Pultsuaren maiztasuna normaltasunera itzultzen da.
Aplikazioak
Erdiko belarriaren presioa normalizatzea
Ingurumeneko presioa azkar igotzen denean (urpekaritzan edo hegazkin hegaldien jaitsieran bezala), Eustakioren tronpak itxi egiten dira, presio berdinketa eragotziz eta mina eraginez.[4][5] Hori saihesteko, egoera honetan dauden pertsonek Eustakioren tronpak irekitzen saiatzen dira listua irentsiz, eta belarriaren presioa orekatuz.
Horrek huts egiten duenean, Valsalvaren maniobra erabil daiteke erdiko belarriaren presioa berdintzeko. Kontuan hartu behar da gainpresioak entzumenean kalteak eragiteko arriskua duela[1][4][6] (Valsalva-ren maniobran 20-40 mm-ko Hg presioa sortzen da). Berez, arrisku gutxiago dute Eustakioren tronpak irekitzeko beste maniobrak: listua irenstea edo aharrausi egitea,[4]tensor tympani edo tensor veli palatini muskuluak aktibatzen dituztenak alegia.
Espazio-soineko batzuk "Valsalva gailu" izeneko dispositiboa dute. Erabiltzaileak sudurra blokeatu dezake, soineko barruan Valsalvaren maniobra egin ahal izateko.[7] Honi esker, soinekoa presurizatzean, astronautak presioa berdindu dezake.
Indar-entrenamendua
Valsalva-ren maniobra indar maximoa sortzeko lagungarria da. Maiz erabiltzen da pisuak altxatzeko ariketetan, hala nola squat, deadlift edo bench press tipokoetan, eta baita pisu olinpikoan erabiltzen diren bi modalitateetan ere.[8]
Minaren erabilera
Valsalvaren maniobrak mina gutxitu dezake ziztada lunbarretan.[9] Kumar et al.-en arabera, pazientea esna dagoela egiten denean, bere erantzun kardiobaskularrak eta autonomikoak baloratzeko balio du, anestesiaren erabilpena optimizatzeko.
Bihotz-erritmoaren erregulazioa
Valsalvaren maniobra takikardia suprabentrikularra geldiarazteko erabil daiteke.[10][11][12]
Diagnostiko medikoan
Kardiologia
Ekokardiograma batekin batera egiten denean, Valsalvaren maniobra bihotzeko anormaltasunak diagnostikatzeko erabil daiteke.[13][2]
Neurologia
Valsalvaren maniobra bizkarrezurreko nerbioen arazoen edo lesioen diagnostiko klinikoan laguntzeko erabiltzen da.[14] Maniobra egitean, bizkarrezur barneko presioa pixka bat handitzen da, eta hau mingarria da neuropatiak daudenean. Arnold–Chiariren malformazioan ere maniobrak zefalea eta mina sortzen du. Valsalvaren maniobra lagungarria izan daiteke bizkarrezurreko zenbait ebakuntzaren ondoren meningeen integritatea egiaztatzeko.
Gongoil linfatiko supraklabikularrak haztatzea
Gongoil linfatiko hauek sakonak direnez, haiek esploratzeko Valsalva eska daiteke: maniobrak biriketako kupulak gorantz bultzatzen ditu, eta gongoilak errazago hazta daitezke.
Aho-antro komunikazioa
Valsalvaren maniobra aho-barrunbearen eta sinu maxilarraren arteko konexioa dagoen diagnostikatzeko erabil daiteke.[15]
Medikuntza urogenitala
Valsalvaren maniobra proba urodinamikoetan erabiltzen da, esfinterren euste-ahalmena neurtzeko. Organo pelbikoen prolapsoan ere, Valsalvak organoon jaitsiera maximoa testatzeko balio du.[16]
Abdomeneko herniak
Valsalvaren maniobrak presio abdominala igotzen duenez, abdomeneko hernien diagnostikorako erabil daiteke.
Konplikazioak
Barotraumatismoak
Urpekaritzan, ur-azalera gradualki igotzean, airea berez irteten da gorputzeko barrunbeetatik inolako maniobrarik egin gabe. Horretara, Valsalvaren maniobra ez da beharrezkoa eta, are, saihestu egin beharrekoa da: presioak traumatismoa eragin baitezake belarrian. Gainera, bihotzeko leiho obal iragazkorra duten pertsonetan, nitrogenoz saturatutako odola odol-sistemara iragaz daiteke, deskonpresio-sindrome arriskua handituz. Izatekotan, kontrako belarri-konpentsazio maniobrak erabil daitezke.
Valsalvaren erretinopatia Valsalvaren maniobrari lotutako sindrome patologikoa da,[17][18][2] non erretinaren aurrean odoljarioa gertatzen den. Hau torax barneko presioaren igoera iragankorraren historia duten pertsonetan gerta daiteke, Valsalvaren maniobra egitearekin batera (pisu astunak jasotzean, eztul indartsuan, kaka edo oka egiteko indarra egitean). Odol-jario honek ikusmena galarazi edo nahastu dezake, ikusmen-eremua buxatzen badu. Halere, honek ez du ikusmen galera iraunkorrik eragiten, eta erabat leheneratu ohi da.
↑ abcdeSrivastav, Shival; Jamil, Radia T.; Zeltser, Roman. (2023). «Valsalva Maneuver»StatPearls (Treasure Island (FL): StatPearls Publishing) PMID30725933.. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
↑Kumar, Chandra Mohan; Van Zundert, Andre A. J.. (2018). «Intraoperative Valsalva maneuver: a narrative review» J Can Anesth 65 (5): 578–585. doi:10.1007/s12630-018-1074-6. PMID29368315..
↑Lim, S. H.; Anantharaman, V.; Teo, W. S.; Goh, P. P.; Tan, A. T. H.. (1 January 1998). «Comparison of Treatment of Supraventricular Tachycardia by Valsalva Maneuver and Carotid Sinus Massage» Annals of Emergency Medicine 31 (1): 30–35. doi:10.1016/S0196-0644(98)70277-X. PMID9437338..
↑Zuber, M.; Cuculi, F.; Oechslin, E.; Erne, P.; Jenni, R.. (2008). «Is transesophageal echocardiography still necessary to exclude patent foramen ovale?» Scandinavian Cardiovascular Journal 42 (3): 222–225. doi:10.1080/14017430801932832. PMID18569955..
↑Johnson, RH; Smith, AC; Spalding, JM. (1969). «Blood pressure response to standing and to Valsalva's manoeuvre: Independence of the two mechanisms in neurological diseases including cervical cord lesions» Clinical Science 36 (1): 77–86. PMID5783806..
↑Bump, Richard C.; Mattiasson, Anders; Bø, Kari; Brubaker, Linda P.; Delancey, John O.L.; Klarskov, Peter; Shull, Bob L.; Smith, Anthony R.B.. (1996). «The standardization of terminology of female pelvic organ prolapse and pelvic floor dysfunction» American Journal of Obstetrics and Gynecology 175 (1): 10–17. doi:10.1016/S0002-9378(96)70243-0. PMID8694033..