Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan kalteberen kategorian sartu zuten 2013. urtean[3].
Ezaugarriak
Deskribapena
Ubarroi handia baino txikiagoa den arren nahiko hegazti handia da, 65-80 cm arteko luzera eta 90-105 cm arteko hego-zabalera ditu, eta pisua 1.360 eta 2.300 gramo artekoa du[4]. Ahaideak baino buru eta moko txikiagoak dituenez itxura lirainagoa du. Gorputza iluna da, tarteka dirdira berde metalikoak ageri zaizkio, eta buru beltzean moko horia oso deigarria da. Ugalketa garaian motots bat ateratzen zaio pileoan eta mokoa ilundu egiten zaio. Lumaia dirdiratsuagoa izaten du eta ezkata itxurako lumak dituela ematen du.[5]
Ubarroi mottodunak ez du sexu dimorfismorik agertzen baina arra normalean emea baino handiagoa izaten da. Gazteek lumaia argiagoa izaten dute, bizkarralde ilun samarra eta sabelalde argia.[4]
Etologia
Ubarroi guztiek bezala, ubarroi mottodunek ere argizari kopuru txikiagoa dute lumetan, horrela urarekiko erresistentzia txikiagoa dute eta, horri esker, azkarrago murgil daitezke uretan. Hori dela eta arrantzaldi bakoitzaren ondoren hegoak zabal-zabal eginda egon behar izaten dira lumak lehortu ahal izateko.[5]
Habitata
Hegazti itsastarra da eta ez da asko barneratzen lehorrean. Kostaldean labarrak eta harkaitz ugari dituzten eremuak aukeratzen ditu.[5]
Elikadura
Arrainek osatzen dute ubarroi mottodunaren dieta, sardinek eta sardinzarrek bereziki. Batzuetan kilometro asko barneratzen dira itsaso zabalean. Krustazeoak ere harrapatzen ditu tarteka.[5] Uretan 8 eta 30 metro artean murgiltzen dira eta, batez beste, 40 segundu inguru pasatzen dituzte ur azpian.[4]
Ugalketa
Labarretako harkaitzetan kolonia handiak eratu ditzake. Itsasoaren indarrak eta eguraldi traketsak kalterik eragingo ez duten arroketan jartzen ditu habiak.[4] Habiak adaxka, alga eta beste hainbat materialez egiten ditu eta belar eta lumatxez osaturiko geruza batez estaltzen ditu. Hiru egunean zehar normalean hiru arrautza urdinxka jartzen ditu eta arrak zein emeak txitatzen dituzte 30 egunez.
Txitak jaio eta 50 egun inguru igarotzen dituzte habian oraindik. Lau urte dituztenean ugaltzen dira aurreneko aldiz[5].
Taxonomia
Carl von Linneok deskribatu zuen 1761 urtean[6], Fauna svecica liburuan eta Pelecanus aristotelis izena eman zion[7]. Phalacrocorax generoan sartu zuten beranduago. Gaur egun Gulosus aristotelis izendatzen da[8]. Ubarroi mottodunak hiru azpiespezie ditu[9]:
Gulosus aristotelis aristotelis, Ozeano Atlantikoko kostaldetan bizi dena.