UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) terminologia eta lexikografia zentro bat da. Euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuarekin 1977an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, edozein euskal hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan. 1987an, 226/1987 Dekretuaren arabera eta berariazko lankidetza-hitzarmena izenpetuz, Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen hizkuntza-plangintzako ikerlanean aritzeko.
1989an, Onura Publikoko aitorpena eman zion Eusko Jaurlaritzak hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorreko lanak sustatzen dituelako.
Produktuak
Euskalterm
Urtetan egindako hiztegi terminologiko guztiak banku terminologiko batean sartu ziren. Honela, 1986an Euskalterm terminologia-bankua sortu zen bere baitan.
XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa
XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa sortzeko sustatzaile nagusia UZEI izan zen Andoni Sagarnaren zuzendaritzapean.[1][2] Metodo oso zehatzak definitu zituen orduan, batetik hizkuntzaren erabileraren inbentarioa lortzeko, eta bestetik testu guzti horien "argazki ona" izan beharko zen lagin estatistikoa definitzeko. Ildo horretatik,
Lexikoaren Behatokia
Lexikoaren Behatokia proiektua Euskaltzaindiaren ekimenez abiatu zen, 2007an, Hiztegi Batuko Lantaldeak egindako proposamen bati erantzunez, eta lankidetzan Ixa Taldearekin, UZEIrekin eta Elhuyarrekin. Proiektuaren emaitza da izen bera duen corpusa, zeina web bidez kontsultatu baitaiteke. 60 milioi hitzeko testu-corpus bat eratu du 2017ra arte. Corpusa automatikoki prozesatuta dago, eta linguistikoki etiketatuta, eta hizkuntza-corpusek ohikoa duten kontsulta-funtzionalitatea eskaintzen dio erabiltzaileari.[3][4]
Hiztegi terminologikoak
1977an hasita UZEIk 24tik gora hiztegi terminologiko sortu ditu: Fisika, Estatistika, Informatika eta Internet ... Hauek dira hiztegi terminologiko horietako batzuk:[5]
Natur Zientziak 1976
Ura eta Lurra 1978
Fisika hiztegia 1979
Hizkuntzalaritza/1: hiztegia 1982
Hizkuntzalaritza/2: hiztegia 1982
Maileguzko hitzak: ebakera eta idazkera 1982
Termino estatistikoen hiztegia 1985
Azokan hiztegia 1986
Jatetxean hiztegia 1986
Medikuarekin hiztegia 1986
Udaletxean hiztegia 1986
Aurrezki-kutxan hiztegia 1987
Glotodidaktika hiztegia 1987
Laburtzapenen gidaliburua: siglak, ikurrak, laburdurak. Erizpideak eta zerrendak 1988
Euskara-irakaslearen eskuliburua 1989
Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 1. Janari edariak 1994
Nekazaritza hiztegia 1995
Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 2. Bazarra, ehunkiak, oinetakoak eta drogeria 1997
Arrantza hiztegia 1998
Lan harremanen hiztegia 1999
Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 3. Etxetresna elektrikoak 1999
Informatika eta internet hiztegia 2001
Terminologia hiztegia 2002
Farmazia hiztegia 2002
Jarduerak
Egun hauek dira UZEIren jarduera-lerro nagusiak:
Hiztegi Orokorra: UZEIko Lexikografia Sailak EuskaltzaindiarenHiztegi Baturako ikerketa-lana egiten du. Hiztegi osagarriak ere lantzen ditu sail honek (Sinonimoen Hiztegia adibidez).
Corpusgintza: Euskarazko testu-corpusen diseinuan, egituratzean eta lematizazioan aitzindaria da UZEI. Emaitzarik aipagarriena XX. Mendeko Euskararen Corpusa da. Egun, itzulpen-corpusak kudeatzeko sistemen garapenean ari da UZEI.
Hiztegi teknikoak: Hastapenetik ari da UZEI hiztegigintzan. Hiztegiak UZEIk sortu zuen EUSKALTERM banku terminologiko publikoan integratzen dira. UZEI, terminologiaren normalkuntzarako erabakiak hartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko kide da.
Itzulpengintza teknikoa: Lan terminologikoarekin lotura izanik, UZEIk arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten ditu, besteak beste informatikan, medikuntzan, zuzenbidean, arkitekturan eta enpresa-kudeaketan.
Trebakuntza: Bere lanaren hedapenari garrantzia ematen dio UZEIk. Horrela jardunaldiak eta kongresuak antolatzeaz gain, trebakuntza eskaintzen du bere ezagutza-esparrutan, unibertsitatean eta graduondokoetan.
Hizkuntza-teknologiak: Hobelex lexiko-zuzentzailea sortu zuen 2014an. UZEI INNOBASQUEko kide da eta hainbat ikerketa-lerro ditu irekiak bere ezagutza-esparruetan (terminologian eta lexikografian).
Ibilbidea
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean euskararen aldeko mugimendua indartzen ari zen, eta irakaskuntza-sistema propioaren aldarrikapenarekin batera euskara arlo guztietara egokitzeko ahalegina azpiegitura linguistikoa finkatzera bideratuta zegoen. Une hartan proiektu ezin erakargarriago bat gidatu zuen Joseba Intxaustik: UZEI sortu zuen 1977an, hau da, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkartea.[7][8] Orduko lehen lehendakaria Joxe Migel Zumalabe izan zen, kultur eragile ezagun eta euskaltzain urgazlea zen bera. Hasera hartan zuzendaria Joseba Intxausti izan zen.
UZEIren lehenengo proiektu handia jakintza-arlo nagusietako hiztegi teknikoak prestatzea izan zen, euskarazko terminologia-lanari bultzada emateko asmoz. UZEIk Jakinek 1976 argitaraturiko Natur Zientziak hiztegia hartu zuen eredutzat, eta arlo bakoitzeko aditu espezialista euskaldunak elkartu zituen lankidetzan beren arloko hiztegi teknikoak osatzeko, terminoak lau mailatan antolaturik: lehen mailan, arloko enborrezko atalei buruzko artikulu entziklopediko luzeak; bigarrenean, kontzeptu nagusiei buruzko azalpenezko artikulu konkretuak; hirugarrenean, arloko termino giltzarrien definizioak; eta laugarrenean arloko terminoen zerrenda eleaniztuna, euskarazko terminoarekin batera gaztelania, frantses eta ingelesezko termino baliokideak bilduz. Egitura berbera izan zuten hiztegi guztiek.[8]
Sortutako hiztegiok funtsezkoak izan ziren euskaldunen komunitate akademikoa sortu eta finkatzeko. Lankide-sareak sortu ziren espezialitate bakoitzean; emaitza ez zen izan izan hiztegiak egoitea besterik gabe, jendea trebatzea ere lortu zen. Fisika hiztegian, adibidez, egile guzti hauen artean sortu zen sare bat: I. Añon, L.M. Bandres, J.M. Bujanda, M.J. Erkizia, J.R. Etxebarria, X. Intxausti, J. Iturbe, X. Larrea, A. Sagarna, J. Sukia, I. Tapia, K. Zalbide eta M. Zalbide.[8]
Gerora, hasierako hiztegi haiek garatuz eta osatuz joan ziren, baita datu-base terminologiko bihurtuz ere. Fisikaren arloaren adibidearekin jarraituz, beste bi hiztegi sortu dira geroago: Energiaren hiztegi entziklopedikoa (2000)[9] eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (2009). Bigarren horretan berrehundik gora espezialistak hartu zuten parte, zientzia eta teknologiako 23.000 kontzeptu landuz eta 607 artikulu entziklopediko idatziz; bistan denez, hasierako UZEIko hiztegiek komunitate zientifiko euskalduna sortu ahal izateko hazia izan ziren.[8]