Txinako Herri Errepublikaren historia (1976-1989)

Jarraian, Txinako Herri Errepublikaren historia 1976-1989 artean kontatzen da.

Sarrera

Deng Xiaoping buru zuen Txinako moderantismoak bizirik iraun zuen Kultura Iraultza bukatu eta gero ere. Mao hil ondoren, 1976ko irailean, norgehiagoka gogorra izan zen moderatuen eta erradikalen artean aginpidea eskuratzearren. Azkenean moderatuak irten ziren garaile. Harrezkero Txinako “lemazain nagusi” bihurtu zen Deng. Ekonomia berritzeko bideak ireki zituen (merkatua neurri batean askatu, atzerriko kapitalari ateak zabaldu, ekonomia gune bereziak sortu…), baina ez zituen politika berritzeko bideak ireki. Jarrera horrek, ordea, arazo larriak ekarri zituen azkenean, 1989an Tiananmen plazako gertaera odoltsuak, esate baterako.

Erreformistak agintean

1976an hil zen Mao, eta baita Txinako iraultzako beste bi buruzagi nagusiak ere, alegia, lehen ministro Zhou Enlai, eta Askapenareko Gudarosteko buruzagi ospetsuenetako bat, Zhou De. Aginpidea eskuratzeko lehia gogorra piztu zen orduan, eta Alderdiko bi joera nagusiak aurrez aurre jarri ziren. Batetik, joera erradikala edo ezkerrekoa, «lauen banda» deitua, Maoren emaztea bera –Jiang Jing– buru zuela. Joera horren oinarri soziala alderdi komunistako goi karguek –aurreko aldian gora egindako profesional edo intelektualek– osatzen zuten, eta bere gain hartu zuten Kultura Iraultzaren ondarea. Beste muturrean, berriz, joera moderatua zegoen –pragmatikoa edo erreformista ere deitua–, era askotako militanteez osatua, eta Kultura Iraultza, ezkerreko erradikalismoa eta “lauen banda” arbuiatzeak, batetik, eta 1960-1965 bitarteko lehen erdiko zaharberritze moderatua erreferentzia izateak, bestetik, batzen zituena.

Joera erreformistak 1976ko udazkenean “lauen banda” espetxeratzea lortu zuen; bidea libre geratu zen, beraz, Deng Xiaopinentzat aginpidea eskuratzeko, eta bere konfiantzazko gizonak –Zhao Ziyang, Wan Li, Hu Yaobang– erantzukizun handiko karguetan jarri zituen. Hala bada, Kultura Iraultzan kargugabetuei kargua itzuli zitzaien, eta delako aldi horrek eragindako atsekabea adierazi eta kritikak plazaratu ahal izan ziren.

Iraganaldiaren berrikuste kritiko horrek Mao bera harrapatu zuen: hutsegite larriak egin izana –Kultura Iraultzan gehienak– egotzi zitzaion. Nolanahi ere, alde onak (%70) hutsegiteak (%30) baino gehiago zituela aitortu zitzaion.

Dengek, ordea, berriro aginpidea eskuratu arren, ez zion berriro heldu “zaharberritze moderatuaren” programari. Txina eta munduko gainerako herrialdeak aldatuak ziren: Kultura Iraultzak oso muzinaldi gogorra eragin zuen, SESBren eta Sortaldeko herrialdeen hondamen ekonomikoa nabarmena zen, eta, nazioarteko harremanetan, Estatu Batuak aliatu berri bat ziren –1972an Nixonek Shangaiko hitzarmena izenpetu zuen, Txinako Herri Errepublikaren zilegitasuna onartzeko–. Horregatik guztiagatik, joera moderatuak, 1978an atzera aginpidea eskuratuta, are moderatuago jokatu zuen, eta beste herrialdeekin harremanetan hastea erabaki zuen. Kanpora zabaltze horrek eta ekonomiaren liberalizazioak ireki zuen hain zuzen Txinak aurrerantzean atzerapenetik ateratzeko egin beharko zuen bidea.

Modernizazioa eta kanpo harremanei ateak zabaltzea

1978an hasi zen Txinaren modernizazioa, lau zutabe nagusitan oinarritua: nekazaritza, industria, zientzia eta teknologia, eta defentsa. Komunak deuseztu ziren eta egindako hutsegiteak konpontzeko ahalegina egin zen: familiako produkziogune txikian oinarritzen zen produkzio sistema bultzatu zen nekazaritza sustatzearren, arestian aipatu diren hutsegite horien ondorioz nekazariek galdua baitzuten beren lanarekiko interesa.

Izenez jabego kolektiboari eutsi bazitzaion ere, esan den produkzio sistema hori zela eta, lurra pribatizatu egin zen azken batean. Gainera, merkatu libreak zabaldu ziren, nekazariek uztaren gehiegia sal ahal izan zezaten estatuak zituen zabaltze bideetatik aparte. Eta emaitzak oso bikainak izan ziren: nekazaritzan produkzioa handitzea lortu zen, eta nekazaritza industriak sortzeak bestelako gaiak lantzera eta bestelako lanak egitera bultzatu zituen nekazariak.

Industrian, berriz, enpresa pribatu txiki eta erdikoak sortzeko baimena eman zen, eta estatu enpresa handien kudeaketa hobetu zen, enpresako gerente eta langileei diru laguntzakemanez, beste enpresa batzuk erosiz, eta abar. Enpresa horiek ez ziren pribatizatu, baina atzerriko kapitalari enpresako parteak erosteko aukera eskaini zitzaion. Nolanahi ere, estatuak kapitalaren %51 gordetzen zuen. Industria produkzioa handituz joan zen aldaketa horiei esker, eta manufaktura industriaren pisu erlatiboa handitzeak sektore osoa ere zabaltzea ekarri zuen. Zientziaren eta teknikaren alorrean, berriz, zazpi ikerketa eremu zehaztu ziren energiaz hobeto baliatzeko, goi mailako teknologia eduki ahal izateko, medikuntzan eta genetikan aurrera egiteko, eta abar. Defentsan, azkenik, gudarostea berritzeko ahalegina egina zen, eta soldadu kopurua gutxitu zuten hortaz: Maoren goardia zaharreko soldaduak erretirarazi, gainerakoak profesionalizatu, eta zegoen teknologia berritu.

Barneko erreforma berritzaile horien osagarri, Dengek hasitako eta haren agintaldi osoaren ezaugarri nagusi izandako kanpora zabaltzeko politikak luzaroko mendeetako bakartzetik atera zuen Txina.

Kanpora zabaltze horrek bi helburu nagusi izan zituen: batetik, atzerriko kapitala eta teknologia erakartzea industria sarea berritzen laguntzeko, eta, bestetik, manufakturak esportatzea dibisak sortu ahal izateko.

Kanpo merkataritzari ateak zabaltzeko, Ekonomia Gune Bereziak sortu ziren sortaldeko portu hirietan. Gune horietan zerga eta lan legedi bereziak jarri ziren, herrialdeko gainerakoak baino onuragarriagoak eta malguagoak. Horren guztiaren helburua Txinako industria berritzea eta merkataritza bultzatzea izan zen. Emaitzak, ordea, ez dira beti uste bezain onak izan: batetik, goi eta erdi mailako teknologian inbertsioak egingo zituztenak erakarri ordez, industria arinaren atzerriko enpresak hartu behar izan dituzte –lan kostu apalen abantailak erakarrita–; bestetik, erakarmen guneak izan ordez aberastasunezko uharte txiki bihurtu diren gune berezi horiek, eta handitu egin dute eskualde aberatsen eta behartsuen artean dagoen desoreka.

Nolanahi ere, erreformen politika horren ondorioak izugarriak izan dira: Txinan gertatu den eta oraindik ere gertatzen ari den aldaketa hori gizadiaren historian sekula izan den iraultza ekonomiko handiena jo izan dute adituek. Txinako ekonomia azkeneko urteotan %10 hazten ari da urtero; hau da, 2000. urteko produkzioa 1978 artekoa –erreforma abiatu zenekoa– halako zortzi izango da.

Mugimendu demokratikoa

Deng Xiaoping eta Jimmy Carter, 1979ko urtarrilean

Baina Dengen modernizazio ekonomikoak ez zuen modernizazioa ekarri politikara.

Erreforma horretan ez zen politika egitura bere funtsean aldatzeko aukera aintzat hartu, are gutxiago politika demokratizatzeko aukera. Eta hala, alderdi komunistak gorde egin du lehendik zeukan aginte guztia, eta modu autoritarioan ezarri du.

1979. urteko martxorako Txina gidatzen jarraitu behar zuten Lau Printzipio Kardinalak formulatu zituen Denek: 1) sozialismoa; 2) langileriaren diktadura; 3) alderdiaren buruzagitza; 4) marxismo-leninismoa maoismoari lotua. Hau izan zen Dengek egin zuen erreforma politiko bakarra –halakotzat har badaiteke, behintzat–: hutsegiteak zuzentzeko barne kanpaina bat bultzatzea, eta, buruzagien heziketa maila hobetzeko, teknikari adituak eta intelektualak biltzea. Azkena eman zion orobat militarrek Alderdiko Batzorde Zentralean zuten lehentasunari, eta maoismoaren ideologizazio kanpainei.

1989. urtea arte hazkunde ekonomiko ikusgarri harekin batera edo nolabaiteko bake giroan bizi izan ziren Txinan. Baina kanpo harremanei ateak zabaldu zitzaizkienean, eta horrenbestez askatasuna, demokrazia eta giza eskubideei buruzko ideiei sarbidea erraztu zitzaienean arazoak hasi ziren. 1986ko abenduan lehenengo ikasle manifestazioak egin ziren Shangain, Txinan demokrazia ezar zedila eskatzeko. Horrek berehala ekarri zuen ondorio bat: 1987ko otsailean alderdi komunistako idazkari nagusia –Hu Yaobang erreformazalea– kargutik bota zuten.

Hu Yaobang 1989an hil zen, eta haren heriotzak beste protesta aldi luze bat eragin zuen, udaberri osoan, erregimenaren zurruntasun politikoaren kontra, eta erreformak hobe egin zitezen eskatzeko, edo, beste era batera esanda, erreforma gaizki egin izanaren ondorio kaltegarriak konpon zitezela eskatzeko –langabezia, gaizkileak, behartsuenek heziketa egokia izateko eta osasun laguntza jasotzeko zituzten arazoak (komuna eta berdintasun maoista desagertu izanaren ondorioetako bat zen hori), eta abar–. Maiatzean Dengek buruzagi erreformazaleenak –idazkari nagusi Zhao Ziyang eta Herri Biltzar Nazionaleko lehendakari Wan Li, besteak beste– alderdi komunistatik bota zituen. Baina krisiaren unerik larrienak ekainean izan ziren, Pekinen, Tiananmen plazan; milaka ikasleen manifestaldi batean ehundaka gazte hil zituen gudarosteak.

Tiananmengo gertaerak Txinaren kanpo harremanentzat izan zituen ondorio kaltegarriak –herrialdeek gobernua gaitzetsi, harekiko harremanak hoztu, kredituak mugatu– konponduz joan ziren pixkana-pixkana diplomaziaren bidez. Errejimen politikoa demokraziara bideratzeko Txinan bertan egiten ari ziren indarrari –demokrazia ez zen, artean, herriaren eskaera, intelektual banaka batzuena baizik– Estatu Batuek egiten ari zirena gehitu zitzaion –Estatu Batuentzat Txinak ez baitzuen ordurako Sobiet Batasunaren mehatxuaren aurrean lehenago izan zuen kontrapisuzko balio estrategikoa–.

Txinako buruzagi nagusi berriak, Jiang Zeminek, 1989ko ekainaz geroztik alderdi komunistako idazkari nagusi eta 1993ko martxoaz geroztik errepublikako presidente denak, Txinako biztanle kopuru gero eta handiagoak –1.200 milioi– baliabideak agor ez ditzan lortzea izango du aurrerantzean zeregin nagusia.

Erreferentziak

Kanpo estekak