Txibia erraldoia (Architeuthis) Architeuthidae familiako ur sakoneko txipiroia da. Ur sakoneko gigantismoa dela bide, berealdiko tamaina izan dezake: bi tentakulu luzeetatik hegaleraino emeek 13 metroko luzera eta arrek 10 metrokoa izan dezakete (14 metroko luzera duen Mesonychoteuthis hamiltoni txipiroiak bakarrik gainditua[1]). Palioak bi metro inguru ditu.
Taxonomia
Txibia erraldoi espezie ezberdinen kopurua zalantzazkoa da. Bere taxonomia, zefalopodoen beste hainbat generotan gertatzen den moduan, ez da batere zehatza. Zientifikoek bederatzi espezie proposatu dituzte:
- Architeuthis dux Steenstrup, 1857 - Atlantikokoa.
- Architeuthis hartingii (A. E. Verrill, 1875)
- Architeuthis japonica Pfeffer, 1912
- Architeuthis kirkii Robson, 1887
- Architeuthis martensi (Hilgendorf, 1880)
- Architeuthis physeteris (Joubin, 1900)
- Architeuthis princeps
- Architeuthis sanctipauli (Vélain, 1877) - Hego Hemisferiokoa.
- Architeuthis stockii (Kirk, 1882)
Egungo ikerketa genetikoen arabera, genero monotipiko honek espezie bakar bat besterik ez du: Architeuthis dux hain zuzen ere.[2]
Banaketa
Txibia erraldoia munduko ozeano guztietan bizi da, ur tropikal eta polarretan topatzea zaila izan arren.[3] Iparraldeko Ozeano Atlantikoan, Eskozian, Irlandan, Hegoafrikan, Zeelanda Berrian,[4] Japonian, Espainian eta Euskal Herrian[5][6] espezimenak topatu dituzte.
2004an japoniar ikerlariek bere habitatan bizirik zegoen txikia erraldoi baten lehenengo irudiak hartu zituzten,[7] eta 2012ko uztailean Chichijima uhartetik gertu lehendabizikoz espezimen heldu bat filmatu zuten.[8]
Kultura munduan
Bere habitat arrotzak eta bere itxura beldurgarriak piztia bilakatu du txibia erraldoia. Kondairetan, kraken zioten eta literaturan Moby-Dick, Hogei mila legoako bidaia itsaspetik edota The Call of Cthulhu bezalako liburuetan agertu da.
Bere taldeko irudi ezagunenean kaxalote batekin borrokatzen dagoen arren, txibia erraldoia azkenaren harrapakina izaten da.[9]
Erreferentziak
Kanpo estekak