Donostiako Gros auzoan jaioa, Viteri eskolan egin zuen lehen hezkuntza. Hamahiru urterekin lanean hasi zen mandatu-mutil gisa, Mercadal akademian marrazketa eta errotulazioa ikasten zuen bitartean. Olio-pintura ere ikasi zuen Jose Camps margolariarekin sei hilabetez eta Gipuzkoako Arte Elkartean sartu ondoren, Ascensio Martiarena izan zuen gidari marrazketa ikasteko eta Jesus Olasagasti erretratugintzan. 1968 urtean ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Arlo profesionalean, inprimategietan jardun zuen: 1958tik 1960ra bitartean Donostiako Egia auzoko Slenco inprimategian, gero Gráficas Valverde inprentan, Antonio Valverde idazle eta margolariarena zena. Tokia arte grafikoen unibertsitate gisa gogoratuko zuen Tomasek. Handik haren anaiarena, Santiago Valverde zenaren Savasa inprimategira pasa zen, Usurbilen, nondik 2003 urtean erretiratu zen.[1]
Diseinugile grafiko, margolari eta eskultore izateaz gain, hiriko animatzaile sozio-kulturak gisa ere nabarmendu zen bizitza osoan.
Lanak
Bere lanen erakusketa ugari egin zituen 1966-1982 bitarteko urteetan Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta Alemanian zehar. Azken urteotan egindako lanak bilduz erakusketa bat egin zuen 1998an Zarautzen eta Tolosan, betiere bere lanaren ezaugarri nagusia izan den gaien aniztasuna nabarmendu zuena.
Eskulturari dagokionez, epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Tanti Potto lanarekin, Donostiako Udalak Pasealeku Berrian eskultura bat kokatzeko antolaturiko zuen deialdian. Amara Berri auzoko Etxeberri plazan dagoen Trikitilariak eskultura Donostiako udalak eskatu zion 1991n.
Kartelgintzaren alorrean, azken urteetan berak jarraitu zuen Tolosako Inauteriak iragartzen dituen kartela egiten eta Donostian inauteriaren inguruan ospatzen diren hainbat jaitan ere eragile- eta koordinatzaile-lanetan jardun zuen. Kartelaz gain, horiei lotutako horma-irudiak, apaingarriak, foiletoak etab. sortu zituen.
Komikigintzan Ipurbeltz aldizkariaren sorrerari lotua egon zen eta bere lanen aztarnak utzi zituen.
Tipografian, 1975 urtean, Gráficas Valverde lanean ari zela, euskal alfabeto tipografiko bat sortu zuen.[2]
Egun zenbait museok gordetzen dituzte bere lanen laginak: besteak beste, Donostiako San Telmo Museoa, Granadako Arte Garaikidearena edo Wiesbadengo Arte Ederren museoa.
↑KORTADI, Edorta.- Tomás Hernández Mendizabal: Diseinugile Grafikoa = Diseñador Gráfico : [erakusketa = exposición, KM Kulturunea]. Donostia-San Sebastián: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Zuzendaritza Nagusia = Diputación Foral de Gipuzkoa, Dirección General de Cultura, 2003. 11-19 orr. ISBN 84-7907-429-9
↑HERNANDEZ MENDIZABAL, Tomás .- Euskal grafia : 1966-2015.Donostia: Erein, 2018. orr. 152-153. ISBN 978-84-9109-324-4.