Errumaniar arbasoak zituen familia ukrainar batean jaio zen eta sei urterekin hasi zen gimnasia egiten. 1988an Sobietar Batasuneko selekzioan sartu zen.
Aurreneko garaipen handia 1991ean izan zuen Indianapolisko Munduko txapelketan, taldekako garraipena lortu baitzuen. Bakarkakoan bosgarren egin zuen eta bi aparatutan zilarrezko domina eskuratu zuen. Hasieratik erakutsi zuen ariketa zailak egiteko zaletasuna eta mundu mailan Yurchenko jauzia egin zuen aurrenekotako gimnasta izan zen[2].
1992an Munduko txapelketaran goia joko zuela zirudien eta nahiko ziurtzat jotzen zen hiru aparatutan urrea lortuko zuela, baina ekitaldi kaskarrak izan zituen eta ez zen gorietako final bakarrean sartu. Bartzelonako Joko Olinpikoetarako sailkapen probatan aurreneko hiruetan egin behar zuen baina ez zuen lortu. 15 urte baino ez zituen orduan. Entrenatzaileek ordea nahi zuten Tatiana Gutsuk parte hartzea eta sailkatua zen Rozalia Galiyeva lesionatu zela esan eta haren ordez sartu zuten[3]. Emaitza harrigarria izan zen. Aparatu bakarraren faltan Shannon Miller estatubatuarrarekin berdinduta zegoen. Jauzien proba zen azkena eta Tatiana Gutsuk Yurchenko jauzi baten bidez 0'12 puntutako aldea atera zion Millerri[3]. Taldekako urrezko domina ere eskuratu zuen. Galiyevarekin elkarbanatu zuen jasotako dirusaria.
Erretiratu ondoren Estatu Batuetara joan zen bizitzera eta gaur egun Michiganen gimnasia entrenatzailea da[4].