Sturm und Drang (alemanez, Ekaitz eta Haserre) higikunde literarioa izan zen, XVIII. mendearen bigarren erdialdean garatutakoa, musika eta ikus-entzunezko arteak ere barne hartu zituena. Alemaniar ilustrazioaren aurkako mugimendua izan zen, eta ondorengo erromantizismoaren aitzindaria. Higikundearen izena Felix Maximilian Klinger-en Sturm und Drang antzezlanetik hartua da.
Sorrera
Mugimendu estetiko hori 1767 eta 1785 artean izan zen, tradizio literario arrazionalistaren aurkako erreakziotzat hasita. XVIII. mendeko estilo neoklasikoko arau finkoak ukatzeak erromantizismo askoz ere zabalagoan kokatzen du. Neoklasizismokofrantziar eredu hotzen ordez, Sturm und Drang mugimenduak sentimendua ezarri zuen inspirazioaren oinarritzat, eta ez ordu arteko arrazoia. William Shakespeare eta Jean-Jacques Rousseauren lanak ditu eredutzat.
Norbere subjektibitatea eta ezberdintasun sozial eta hipokrisia moralez beteriko garaiko gizartearen ezinegona azpimarratzeagatik iraultzailetzat hartzen da. Europako lider kulturaltzat ezarri zituen zenbait alemaniar idazle, garapen literarioaren zentro Frantzia zenean. Ospetsuena Goethe dugu, Götz von Berlichingen (1773) izeneko bere lehen drama nabarmen eta Die Leiden des jungen Werthers (1774) korronte horretako nobela aipagarriena idatzi baitzituen.