Stripes (euskaraz Zerrendak) 1981eko Ivan Reitman eslovakiar-kanadar zinema zuzendariak zuzendutako komedia film bat da. Bill Murray, Harold Ramis, Warren Oates, P. J. Soles eta John Candy aktoreek antzeztu zuten.
Izenburuak AEBtako banderaren zerrendei aipamen egiten die. Police Academy (1984) komedia filmaren antza handia duen filma da, hura polizia akademia batean girotua zegoen bitartean hau koartel militar batean dago.
Handik gutxira, Reitman zuzendariak eta Murray eta Ramis aktoreek Ghostbusters (1984) eta Ghostbusters II (1989) komedia film ospetsuak elkarrekin batera egin zituzten.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
John Winger (Bill Murray) taxilari erosko eta hitzontziak ordu gutxiren buruan bere lana, autoa eta apartamentua galtzeaz gain bere neskalagunak ganoragabeko bat izateagatik lagako du. Bere burua galtzailetzat jo eta honenbesteko zorigaitzetik ihes egiteko bere burua AEBtako Armadako soldadu izateko izen emango du. Gainera, bere erabakiari buruz Russell Ziskey (Harold Ramis) adiskideminarekin hitz egitean, hark ere berarekin batera erreklutamentu bulego batera joan eta biek bolondres aurkeztuko dira. Behin Armadaren Koartelean daudela, oinarrizko entrenamendua jasoko dute: armei buruzko irakasgaiak eta batez ere derrigorrezko korrikaldiak. Berehala xelebre txoro parrandazale pare bat direla argi utziko dute, nahiz eta bere soldadukideak, ofizial eta militar agintariak ere xelebrekeriak egiten atzean ez gelditu...
Aktoreak
Kanpo estekak