XV. mendearen amaieran hasi zen eraikitzen, gotiko berantaren ereduei jarraituz. Estilo horretako erakusgarri ditugu portada biak. Eraikuntzaren bigarren fasea, berriz, Pizkunde garaikoa da. Hiru nabeak, XVI. mendearen erdi aldera eraikitakoak, garaiera berekoak dira, jatorrizko proiektuan besterik aurrikusten bazen ere, eta garaiera horrek berak ematen dio elizari barrualdeko argitasun berezi hori. Gangen sorgunearen ondoan jarritako mainel joniardun erdi puntuko leihateen bitartez zabaltzen dira nabeak kanpoaldera; pizkundetar estiloko adierazgarri garbia.
Abside poligonala du elizak eta ekialderantz dago zuzendua. Hego-ekialdean, eta elizaren eraikinari itsatsita, XVII. mendeko oinplano karratuko dorrea dago. Guztia inguratuz (dorrearen gorputza izan ezik), elizpe jarraitua, sarbideetako portadei leku egiteko bi lekutan apurtzen dena. Sarbide horiek, bata elizaren oinetan eta bestea Ebanjelioko aldean daude kokatuta, atondo banarekin. Gangak izar itxurako gurutzeriakoak dira eta lau zutabe zilindriko asketan eta itxiduraren kanpoko hormei atxikitako beste zenbaitetan hartzen dute oinarria. Elizaren goialdean korua dago, elizpea bezala XVII. mendean bukatu zena. Sakristia geroztikakoa da.
Eraikinak lau isuriko teilatua du, zurezko habez osatutako egitura batek eutsia. Estribo batzuk ere baditu.
Jatorrizko presbiterioa, erretaula nagusia eta dorrea, gaur egun ikusten ditugunen aldean, guztiz bestelakoak ziratekeen. Eraikin honek jasandako interbentzioen historia konplexu eta zabalaren ondorio dira aldaketa horiek.
Arkitektura aldetik Euskal Herriko ederrenetako bat dugu eliza hau; baina balio horiez gain, aipagarriak dira, baita ere, historia eta artearen arlokoak, hala nola erretaula nagusia, zeinen diseinua Churriguerari agindu baitzitzaion 1718 urtean, gero Diego Martinez Arcek burutu zuen arren, eta San Gregorioren erretaula, Pizkunde garaiko estetikaren barruan sailkatzen dena, oso interesgarria. Azkenik, esan beharra dago Elorrioko Sortzez Garbiaren eliza nagusiaren dorrea, XVII. mendekoa, Euskal Herriko ederrenetako bat dela eta, dudarik gabe, Bizkaian bakarra.