Sílvia Orriols i Serra (Vic, Girona, Katalunia, 1984ko urriaren 9a) gironar liburuzaina eta politikaria da, Katalan Aliantza eskuin muturreko alderdi politikoko lehendakaria, Ripoll herriko alkategaia 2019 eta 2023ko udal-hauteskundeetan, eta Ripolleko alkatea 2023ko ekainaren 17tik.[1][2][3][4]
Biografia
Bibliotekonomian eta Dokumentazioan diplomatura du Viceko Unibertsitatean, eta enpresa pribatu batean administrari-lanetan jardun zuen 2006. urtetik.
Politikari ibilbidea
Politikari gisa, hainbat alderdi politikotan aritu da. 2004an, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako Estat Catalàren zerrendetan sartu zen.[5] Kataluniaren independentzia-erreferendumaren ondoren, Espainiako 1978ko Konstituzioko 155. artikulua ezartzearen aurkako Ripolleko protestetan aktiboki parte hartzen hasi zen, eta pixkanaka protagonismoa hartu zuen, horrelako ekitaldiei esker.
Ondoren, Kataluniako Fronte Nazionalean afiliatu zen. Alderdi horrekin aurkeztu zen Ripollen 2019ko udal-hauteskundeetan, eta 503 boto eta zinegotzi bat lortu zituen. Udaleko gainerako alderdiek osasun-hesi bat hitzartu zuten, harekin hauteskunde eztabaidetan parte ez hartzeko konpromisoarekin.[6] 2020ko martxoan, alderdia utzi eta zinegotzi atxiki gabe gisa jarraitu zuen.
Urte horretako uztailean, beste alderdi politiko bat sortu zuen: Katalan Aliantza, Kataluniaren independentzia defendatzeko, jarrera antisalafista eta islamofoboetatik; alderdiak uste du immigrazioa inbasioa dela berez, eta ordezte handiaren teoriari lotuta dagoela.[7][8]
Geroago, 2023ko udal-hauteskundeetan aurkeztu zen alkategai. Udalerriko indarrik bozkatuen bihurtu zen, 6 zinegotzi eta botoen % 30 baino gehiago lortu baitzituen. Egoera horren aurrean, gainerako indar politiko gehienak saiatu ziren Orriols Ripolleko alkate bihur ez zedin.[9] Hala ere, itun horrek ez zuen arrakastarik izan, Junts per Catalunyak osasun-hesi zelakotik alde egin baitzuen, eta horrek aukera eman zion Sílvia Orriolsi kargua hartzeko.[4]
Argi eta garbi onartzen du islamofoboa dela, eta immigrazioaren aurkako jarrerak dituela (Orriolsek etorkintzat hartzen du katalana ez den oro).[10] 2023an, Kataluniako Generalitateak zehapen-espedientea ireki zion, ustez musulmanen aurkako bereizkeria egiten zuten telebistako adierazpen batzuengatik.[11]
Erreferentziak
Kanpo-estekak