1953an, sorterria utzi, eta Mendebaldeko Alemaniara aldatu zen familiarekin. Gizarte kapitalistako irudiek eta kulturak erabat liluratuta utzi zuten. Hogeita bi urte zituenean, Düsseldorfeko Akademian sartu zen ikasketak egitera. Lehen koadroetan, kontsumo-gizarteko zenbait objektu agertzen dira, lehen aipatutako liluraren ondorioz. Geroago, Ekialdeko Alemaniako ohiko irudi kischtak erabili zituen margolan figuratiboetan, eta errealismo kapitalista delakoa osatu zuen, Richterrekin eta Konrad Fischerrekin batera. 1966an, Artista Gazteentzako Saria eskuratu zuen Polkek, eta 1975ean, Sao Pauloko Bi Urtekoko saria. Handik bi urtera, aukera eman zioten Hanburgoko Arte Ederretako Kolegioan irakasle izateko. 1960ko hamarkadan, etengabe bidaiatu zuen, eta gai ikonografikoak eta argazkietan oinarritutako koadroak margotu zituen nagusiki, Picabiaren surrealismoaren ildoari jarraituz. Gaztetako trebakuntzara itzuliz, Zuricheko Grossmünster katedraleko beirate koloreztatuak egin zituen 2006tik 2009ra.