Senegaldar borroka

Senegaldar borroka Senegalen egiten duten kirol bat da.

Halako borrokak mendebaldeko Afrika osoan egiten badira ere, Senegalen lortu dute arrakastarik gehien.[1]

Historia

Borrokalari senegaldarrak XX. mende hasieran

Iraganean garrantzi handia eduki zuten borroka hauek senegaldar gizartean. Uztak jaso ondoren, gazteek euren indarra eta talentua neurtzen zituzten. Ezkongaiak bilatzeko modu bat ere izan zitekeen,[2] edo gerrarako entrenamendua.[3] Herrien arteko lehia ere izaten zen, ohore gehiago nork zuen neurtzeko modua. Apustuak ere egiten ziren.[1]

Senegaleko kultura bakoitzean borrokek ezaugarri propioak zituzten.[4]

1960tik aurrera borrokalariak dirua irabazten hasi ziren borroka bakoitzeko.[1] Hala ere, 1970 eta 1980 urteetan futbolak hartu zuen indarra, eta borroka senegaldarra klase baxukoen kirol gisa geratu zen, eta txarto ikusia egon zen.

1990etik aurrera hartu zuen prestigioa berriro borroka senegaldarrak. Eta XXI. mendean Senegaleko kirol ospetsuena bihurtu zen.[2]

Ezaugarriak

Borroka galtzen du buruarekin, bizkarrarekin, esku biekin edo belaun biekin lurra ukitzen duen lehenak.[1]

Borroka senegaldarraren barruan mota desberdinak aurki daitezke, eta horietako batean kolpeak ere eman daitezke. Borrokalariek babes gutxi izaten dute, soilik hortzak babestekoa.[3]

Senegaldar borroka Ondarroako hondartzan, 2004ko abuztuan

Emakumeen arteko borrokak ere ospatzen dira.[4]

Gaur egun kontraste ugari aurki daitezke kirol honetan, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituztenak. Kirolariek txandal modernoak erabiltzen dituzte sarri, baina hauen azpian marabutek emandako amuletoak edukitzen dituzte. Borrokaldien artean abesti eta dantza tradizionalak ikus daitezke, eta dantzariek eta abeslariek eramaten dituzten kamisetek telekomunikazio konpainien eta multinazionalen iragarkiak edukitzen dituzte.[3][1] Borrokaldien aurretik, erritu mistikoak egiten dituzte borrokalariek.[1]

Borrokaldi bakoitzak segundo batzuk edo minutu asko iraun ditzake.[1]

Bi gazte borroka senegaldarra egiten Markinako zelaian, Bizkaian. Argazki egilea: Lea-Artibai eta Mutrikuko HItza.

Landa eremuan sortutako kirol hau gero eta urbanoagoa bihurtzen ari da.[1] Oso ohikoa da Dakar inguruko hondartzetan gazte asko entrenatzen ikustea.[3] Borroka handienak futbol estadioetan ospatzen dira, eta telebistan ere botatzen dituzte sarritan.[5][6]

Borrokalari onenek ehunka mila dolar irabaz ditzakete[2][1], eta Dakarren 20.000 pertsonarentzako lekua daukan borroka-estadio bat inauguratu zuten 2018an, Txinako gobernuaren laguntzarekin eraiki zutena.[5][6] Senegaldarren erdiak pobrezian bizi direla kontuan hartuta, gazte askok egoera horretatik irteteko bide gisa ikusten dute kirol hau. Dena dela, izena emanda dauden 3.000 borrokalarien artetik gutxi batzuek soilik lortzen dute aberats bihurtzea.[1] Marabutek ere diru asko irabazten dute, eskaintzen dituzten zerbitzu mistikoen trukean.[7]

Egoera honek arazoak sortu ditu, gazte askok ikasketak uzten baitituzte, borrokalari bihurtu eta aberasteko esperantzarekin.[7]

Euskal Herrian

Euskal Herriko hainbat herritan behin baino gehiagotan ospatu dira borroka senegaldarrak, herriko senegaldar komunitateek antolatuta. Adibidez, Lekeition[8] edo Ondarroan[9].

Erreferentziak

  1. a b c d e f g h i j (Ingelesez) Loomis, Nicholas. (2012-05-24). «Pro Wrestling, Senegal Style (Published 2012)» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  2. a b c «Senegalese wrestling: Grappling in the land of giants» CNN (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  3. a b c d (Ingelesez) «A modern juggernaut with traditional roots: Inside Senegal's world of wrestling» Culture 2019-03-26 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  4. a b (Ingelesez) «Senegal: Wrestling with Reality» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  5. a b (Frantsesez) «La Chine offre une arène de lutte au Sénégal» BBC News Afrique (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  6. a b (Ingelesez) tim. «China Builds 47 Million Euro Wrestling Stadium in Senegal» United World Wrestling (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  7. a b (Ingelesez) Diouf, Ngagne. «Fame lures youth into a bruising career» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  8. «Senegalen zati bat Lekeition» Bizkaiko Hitza 2019-10-04 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  9. «Senegaldarren jaia, goi-goitik - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2012-07-16 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).

Kanpo estekak