SESB hondoratu zenean, 1991n, sobietar armada desegin eta banatu egin zuten estatu berrien artean, kontingenteen jatorri nazionalaren arabera. Orduan, aginte militar elkartu bat sortu zen EIEko kide guztientzat. Aginte bateratu horrek sobietar tropa zahar guztiak zituen bere ardurapean. 1992an, errepublika independenteetan kokatuta gelditzen ziren sobietar armadaren azken taldeak deseginak ziren, eta 1992 eta 1994 bitartean, sobietar eraginpeko herrialdeetan (Ekialdeko Alemania, Hungaria, Polonia, Txekoslovakia, Errumania, Bulgaria, Lituania, Letonia, Estonia, Mongolia eta Kuba) oinarritutako sobietar armadaren azken hondarrak desegin ziren.
SKIEk bost urteko iraupena zeukan hastapenean, betiere luzatzen ez bazen. 1999ko apirilaren 2an, SKIEko sei kidek bakarrik sinatu zuten ituna bost urterako berritzeko protokoloa; Azerbaijanek, Georgiak eta Uzbekistanek uko egin zioten sinatzeari eta itunetik erretiratu egin ziren. Era berean, Uzbekistan GUAM taldean sartu zen. Talde hori 1997an sortu zuten Georgiak, Ukrainak, Azerbaijanek eta Moldaviak, Errusiak eskualdean duen eraginari aurre egin nahirik.[1]
Indar azkarrak
2009kootsailaren 4an, SKIEren erantzun azkarreko indar batzuk sortu zirela jakinarazi zen, kideren bati eraso eginez gero. Erabakia ez zuten kide guztiek sinatu, Uzbekistan abstenitu egin baitzen eta Bielorrusia ez baitzen agertu Moskuko bileran.[2]
Errusiako presidenteak, Dmitri Medvedev-ek, adierazi zuen SKIEren kideren baten aurkako eraso militar bati erantzuteko hedatuko litzatekeen indarra NATOren parekoa izango litzatekeela. Era berean, jakinarazi zuen Errusiako Federazioa prest zegoela dibisio eta brigada batekin ekarpena egiteko, eta adierazi zuen ateak irekita jarraitzen zirela Bielorrusia eta Uzbekistan etorkizunean blokeko tropa kolektiboei buruzko akordioan atxiki zitezen.[2]