Artikulu hau Alemaniako antzinako lurraldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saxonia (argipena)».
SaxoniaAlemaniako iparraldeko antzinako lurraldea da, saxoniarren lurra. Antzina Saxoniak, 200-700 urteen bitartean tribu germaniar saxoniar batek kolonizatu zuen lurraldea, Holstein eta Elba ibaiaren mendebaldeko partea (gaurko Saxonia Beherea), frisiarren lurra arte, hartzen zituen. XII. mendetik aurrera, Elba ibaiaren ekialdeko lurretara zabaldu ziren saxoniarrak. Gaur egun, Saxonia Beherea, Alemaniako ipar-mendebaldean, Saxonia-Anhalt, erdialdean, eta Saxonia, erdi-ekialdean, bereizten dira.
Historia
K. o. 200. urte aldera kokatu ziren saxoniarrak egungo Alemaniako ipar-mendebaldean. V. mendean mendebal aldera zabaldu ziren, eta haietako asko Britainia Handira igaro ziren. VIII. mendearen bukaeran, Karlomagno errege frankoa jabetu zen haien lurraldeaz, eta urte haietan hasi ziren saxoniarrak kristautzen. 843. urtean, Frankoen Ekialdeko Erresumaren, edo Germaniako Erreinuaren, barnean geratu zen Saxonia.
X. mendean sortu zen Saxoniako Dukerria eta 919. urtean Germaniako enperadore egin zuten Oton Handia, Henrike Saxoniako dukearen semea. 1024 arte Germaniako erregeak eman zituen Saxoniako dinastia sortu zuen Henrike Saxoniakoak; germaniarrak ekialdeko lur eslaviarretara zabaldu ziren garai hartan. 961-1106 bitartean Billung familiaren esku egon zen duke titulua. 1142an Welf etxearen eskuetara igaro zen, eta 1180anFrederiko I.a Bizargorrik dukerria hautsi eta bi lurraldek hartu zuten aurrerantzean Saxonia izena: Saxonia-Lauenburg-ek, Holsteinen hego-ekialdean, eta Saxonia-Wittenberg-ek, Elba ibaiaren erdialdeko arroatik ekialdera.
XIII. mendean hautesle titulua eman zioten Saxoniako dukeari eta 1260. urtean betiko bereizi ziren Lauenburgeko eta Wittenbergeko etxeak. 1356an hautesle izateko eskubidea eman zioten Wittenbergeko etxeari. 1689an galdu zen Lauenburgeko etxea, Hannover-koarekin elkartu ondoren. 1422an ondorengorik gabe geratu zen Wittenbergeko etxea eta Frederiko I.a Wettingoaren eskuetara igaro zen dukerria. Saxonia izena Wettin etxearen lurraldeetara igaro zen (Leipzig-Osterland, Lusazia, Turingia).
1485ean, bi lerrotan banatu zen Wettin etxea: Albertarrak (ekialdeko lurrak) eta Ernestotarrak (mendebaldeko lurrak). XVI. mendean Albertotarrek eskuratu zuten hautesle titulua eta, Erreforma protestantearekin bat egin ondoren, lurrak kendu zizkieten Ernestotarrei Turingian eta Wittenbergen. Leipzig egin zuten hiriburu. Joan Jurgi I.a Saxoniakoak gidatu zituen alemaniar protestanteak Hogeita Hamar Urteko Gerran (1618-1648).