Santa María de Palacio eliza (gaztelaniaz: Iglesia Imperial de Santa María de Palacio) Logroñoko alde zaharrean kokaturik dagoen eliza bat da, Ruavieja eta kale nagusiaren artean[1]. UNESCOk 1993. urtean Gizateriaren ondare izendatu zuen Donejakue bidea eta multzo berean Logroñoko hainbat eraikin historiko sartu zituen, tartean eliza hau.
Izena
1130an Alfontso VII.a Gaztelakoak donazio bat egin zuen Hilobi Santuaren elizaren ordenak Gaztelako Erresuman aurreneko eliza eraiki zezaten. Hori dela eta "Palacio" izena hartu zuen, "jauregia" euskaraz. Enperadorearen titulua ere jaso zuen eta Iglesia Imperial de Santa María de Palacio bihurtu zen[2].
Ebro ibaiaren gaineko harrizko zubia pasa eta Donejakue bidea Logroñon sartzen den tokian bertan XII. eta XIII. mendeetan eraiki zen eliza. Aurrez gaur egungo klaustroa dagoen tokian izan zen XII. mendean eraikitako eliza bat, Santa María La Vieja edo Antigua izenekoa, baina berehala eraitsi eta gaur egungo eliza eraiki zuten[3]. Ondoren hainbat berriztatze fase izan ditu eta zaila da arkitektura estilo bakarrarekin lotzea.
Hasierako eraikinetik piramide itxurako zinborio oktogonala gelditzen da, estilo gotikoan eraiki zena. XV. mendean gurutzadura eta burualdea berreraiki ziren kainoi gangak eusten dituzten pilastra faszikulatuak eta arku puntudunak erabiliz.
XVIII. mendean berriztatze lan sakonak egin ziren piramide itxurako zinborioaren pisuak eragiten zuen presioari eutsi ahal izateko, izan ere 1671erako erortzeko arriskuan zegoela esaten baitzen eta eraistekotan ere izan ziren.
Hilobi Santuaren ordenaren barnean egon arren ez dirudi ordenako fraiderik izan zenik, eta alde zaharreko parrokia gisa funtzionatu izan zuen mendeetan zehar[3].
Arkitektura
Kanpoaldea
Eskuineko habeartearen hegoaldeko horman dago elizarako sarrera. Juan de la Ribak eraiki zuen 1627an[4]. Zutabe barrokoen artean dagoen zulo dintelduna da eta Jasokundeko Amaren irudi bat agertzen da armarri inperialen artean. Bestaldeko horman San Joanen sarrera dago, Ruavieja kalean[3].
Piramide itxurako orratza da elizaren elementu aipagarriena. Zortzi alde ditu friso eta inposta bidez bananduak[1]. Azpialdean txapitulak ditu, puntadun leihoak dituztenak. 1550. urtearen aldera kanpandorrea eraiki zuen Juan de Atxak, eta orratz gotikoa baino bajuxeagoa[5].
Zistertar ordenari zegokionez jatorrizko klaustroa errektangularra eta apaindura gutxikoa da. Baina mendebaldeko zatia soilik gelditzen da. Gainerakoa XVII. mendean eraikitakoa da. Ekialderako norantzan kokaturik dago. Alboan Antiguako Andre Mariaren kapera dago[2], aurretik izan zen eliza haren lekuko[3], eta barnean Juan de Vergara y Porres Hilobi Santuko priorraren hilobia dago[2].
Barnealdea
Santa María de Palacio elizak hiru habearte ditu eta absidean habearte bakoitza kapera txiki batez amaitzen da. Gurutzaduran kupula oktogonala dauka kanpoaldean piramide itxurako orratza eratzen duena.
Erretaula hasiera batean Arnao Bruselakoak Redonda konkatedralerako egindako enkargua izan zen, baina egilearen blasoiak zituenez Logroñoko kabildoak ez zuen katedralean jartzerik onartu eta Santa María de Palacio elizak hartu zuen.