San Mamesko arkuaAthleticen estadio zaharra zen San Mamesen1952tik 2013an eraitsi zen arte eserlekuen estalkia mantentzen zuen egitura arkitektonikoa zen. Ingeniaritzaren lorpentzat hartzen da[1], zutaberik gabeko estalkiak ikusgarritasun handiagoa ematen baitzien ikusleei[2] eta zubi baten elementua zena lehen aldiz erabili zelako munduan kirol-instalazio batean[1]. Athleticen, bere estadioaren eta Bilboren ikurretako bat izan zen[3][4]
Eraikuntza
Athleticek San Mamesen jokatu zuen 1913tik aurrera, baina hasierako harmailek berrikuntza eta handitzea behar zuten. Horrela, 1950ko hamarkadan lehiaketa bat deitu zen estalpea eraiki eta harmaila hendaitzeko. Carlos de Miguel Gonzalez, Ricardo Magdalena Gayan eta Jose Antonio Domínguez Salazar arkitektoek eta Carlos Fernandez Casado ingeniariak irabazi zuten lehiaketa hori[5].
Obra 1952ko urtarrilaren 23an hasi zen, eta 1953ko maiatzean amaitu zen[1]. mota horretan munduko arkurik luzeena izan zen; era berean, kirol-instalazio batean arku tentsore bat erabiltzen zen lehen aldia ere bazen[1]. Bere azpian munduko zutaberik gabeko estalkirik handienari eutsi behar zion, eta proiektuaren erdian erabaki zuten 480 tona pisatu beharrean 270 tona izango zituela[3]; ingeniarientzat erronka handia zen aldaketa hau[5].
Arkua bi zatitan eraiki zen, Basauriko San Migel burdindegian[3]. Muntaketa Sociedad Ibérica de Montajes Metálidos enpresak egin zuen, Bilbokoa, eta eraikuntza Isidro Castellanos S.A. enpresak.[1] Pixkanaka hasi ziren igotzen, egurrezko egitura baten gainean. Arku osoa behin osatuta, bi zatiak soldatu zituzten eta egurrezko egitura desegin zen. Metalezko egitura osoa arkutik eskegita geratu zen[5].
Ezaugarri teknikoak
Arku bikoitza hormigoi gainean eusten zen tribunaren bi aldeetan. Arkuaren begiak 115 metro zituen, 6,6 metroro San Andres gurutze forma zuen euskarri batekin bi arkuen artean. Arkuetako bat finkoa zen egituran eta, bestea, libreki mugi zitekeen. Elementu guztien sekzioa laukizuzena da[1].
Arkua elementu arkitektoniko babestua zen Bilbon, maila goreneko babesarekin. Baina 2006ko maiatzaren 12an D mailara jaitsi zuten, bertatik kentzeko aukera ematen zuena, Herria Aurrera hautes-plataformaren oposizio bakarrarekin[6].
Herri-kulturan
Askotan, jokalari bat oso txarra zenean, "ez luke sartuko San Mamesko arkuan ere" esamoldea erabiltzen zen[7].