Metroko bi lineak hainbat adarretan banatzen dira, eta bi linea nagusiez gain, beste hiru adar banatzen dira, hizkien arabera sailkatuta.
Bilakaera
1968an Rotterdamgo metroaren lehen linea zabaldu zen Noord- Zuidlijn izenarekin (Iparralde - hegoalde linea), eta hiriko Centraal geltokia Zuidpleinekin batzen zituen Nieuwe Maas ibaia tunel baten bitartez zeharkatuz. Herbehereetako lehen metroa izan zen eta zabaldu zenean 5,9 kilometroko linea, munduko laburrenetakoa zen.
1982an bigarren linea zabaldu zen Oost - Westlijn izenarekin (Ekialde - mendebalde linea), Capelsebrug eta Coolhaven geltokiak elkartuz. Historian zehar lineen izenek hainbat aldaketa izan dituzte: hartara, 1990eko hamarkadan herrialdeko pertsonaia ospetsuen izenak jarri zizkieten. Iparralde-hegoalde lineari, esaterako, Erasmus linea izena jarri zioten (Erasmo Rotterdamgoaren omenez), eta bigarrenari Caland linea, Pieter Calanden omenez.
2009ko abendutik, letrez izendatzen dira, A-tik E-raino.