Erdialdeko Mendigunea (Massif Central) mendialdeko ekialdearen, Jurako hegoaldearen eta Alpe mendien mendebaldearen artean dago lurraldea. Mendiek hartzen dute eremu gehiena. Ekialdean daude Alpe mendi garaiak, Savoiako lurraldean (Mont Blanc, 4.807 m, nagusia). Haran asko eratzen dituzte mendi garai horiek (zazpi dira 4.000 metrotik gorakoak). Mendebalerago daude Alpeaurreko mendiak (2.000-2.800 m bitartekoak), erdialdetik mendebaldera zabaltzen dira Lyon aldeko lur behereak (Lyon, 192 m) eta hego-mendebaldean daude Vivarais aldeko mendiak (Mézenc mendia, 1754 m). Rodano ibaiak igarotzen du lurraldea. Aintzira ikusgarriak dira Alpe mendietan, Annécy-Chambéry aldean eta Suitzako mugan (Genevako aintzira).
Klima kontinentala da; hotza da neguan (guztiz hotza Alpe mendietan) eta uda bero samarra izaten da, batzuetan, haranetan. Euri gero eta gutxiago izaten da hegoaldera egin ahalean.
Ekonomia
Abere-hazkuntza garrantzitsua da; behi- (Ain, Alpes, Rhône), zerri- eta ardi-azienda (Ardèche, Drôme). Esnekiak eta haragia. Mendi laborantzak, aldiz, ez du halako muntarik. Ospe handiko ardoak (Beaujolais).
Industria garrantzitsua da Lyon, Grenoble, Saint-Étienne eta Arve ibaiaren arroan, energia hidroelektrikoari (Frantzia osoko % 20) eta Saint-Étienne eta La Mure-ko ikatz-hobiei esker. Metalgintza, industria kimikoa, farmazia-gaiak eta industria mekanikoa dira industria-alor nagusiak.
Zerbitzuen alorrak berebiziko garrantzia hartu du azkenaldian. Lyon, bereziki, eta Saint-Étienne eta Grenoble dira eremu horretan ere hiri nagusiak.
Turismoa Alpe mendietan, neguko kiroletarako bereziki: Chamonix, Mègeve, Morzine, Avoriaz, Flaine, Val-d´Isère, Tignes eta Courchevel Savoian, eta Alpe-d´Huez eta Chamrousse Isèren.