Pál Maléter (Eperjes, 1917ko irailaren 4a - Budapest, 1958ko ekainaren 16a) hungariar militarra izan zen. 1956ko Hungariako Iraultzako buru militarra izan zen.
Pragako Unibertsitatean medikuntza ikasi zuen eta Budapestera itzuli ondoren Akademia militarrean sartu zen. Bigarren Mundu Gerran Ekialdeko frontean Ardatzaren alde borrokatu zuen Armada Gorriak harrapatu zuen arte. Orduan komunista bihurtu zen eta sabotajeetan espezializatu zen eta alemanen aurka borrokatu zen.
1956an koronela zen eta dibisio korazatu bat zuzentzen zuen Hungariako iraultza zanpatzeko agindu ziotenean. Matxinatuekin harremanetan jarri zenean, haiekin bat egitea erabaki zuen, zapaldu beharrean. Gobernu berriak jeneral izendatu zuen, eta urriaren 29an Defentsa ministro. Azaroaren 3an sobietarrekin negoziatzera joan zen, baina hauek atxilotu egin zuten.
1958ko ekainaren 16an Budapesteko espetxe batean exekutatu zuten Imre Nagy eta beste matxino batzuekin batera. 1989ko ekainean ohorez birlurperatu zuten.