Pilar Kareaga Basabe (Pilar Kareaga de Lekerika, ezkontzaz; Madril, 1908ko urriaren 26a - ib., 1993ko ekainaren 10a) Bilboko alkatea izan zen (1969-1975).
Biografia
Neguriko familia batean alaba, haren gurasoak Pedro González de Careaga Quintana diplomatikoa eta Kadaguako kondea eta Concepción Basabe Zubiría ziren. Gaztea zelarik, ingeniaritza ikasi zuen Madrilen, —Escuela Técnica Superior de Ingenieros Industriales (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa)—, 1929. urtean, halako karrera ikasten Espainiako lehen emakumea izan zen.[1][2] Espainan burdinbide bat eraman zuen lehen emakumea izan zen. Espainiako Bigarren Errepublikan Renovación Española alderdi monarkikoaren partaidea izan zen. Gerra hasieran errepublikaren aldekoek Larrinagako espetxea sartu zuten baina presoen truke baten ondoren libre gelditu zen. Valladolidera joan zen, orduan, eta handik Madrilera non FET y de las JONS alderdiaren zauritu frankistei laguntzeko sarean lan egin zuen.
Gerra bukatuta Bilbora itzuli zen, erakunde asistentzialetan hainbat kargu betetzeko. 1959an Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen partaidea egin zen. 1969. urtean Bilboko alkate egin zuten, Javier Ybarra Bergé ordezkatzeko. Esku gogorrarekin agindu zuen hiria, frankismoaren ideologiarik itxienarekin bat egiten zuen eta. Bere alkatetzak hiriaren hazkunderik handienarekin bat egin zuen, garapenkeriaren azken urteekin batera. 1970eko hamarkadaren hasieran Bilboko Alondegia eraisteko asmoa erakutsi zuen, bertan etxebizitzak eraikitzeko. Baina auzokoen presioek eraginda proiektua bertan behera geratu zen.
Sondikako aireportuaren ondoan bizi ziren bizilagunek eginiko protesten aurrean esandako esaldiak, famatu egin zuen, "Aviados estaríamos los alcaldes, si dependiéramos de las opiniones de los vecinos" (Ongi jaioak gaude alkateok, hiritarren iritziaren menpe bagaude). Garai hartan, Sondikako udalerria Bilboren zati zen.
1979ko martxoaren 26an, Getxon, ETAren atentatu bat jasan zuen, zaurituta gertatuz.[3] Ondoren, Madrilera joan zen.[4][5] Eskuin muturreko Fuerza Nueva alderdiaren sorreran parte hartu zuen. Madrilgo klinika batean hil zen, gibeleko arazoen ondorioz.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak