Otelo gaztelua XIV. mendean eraiki zuten Lusignondarrek (hiru mendetan zehar Zipreko Erresuma gobernatu zuen etxea izan zen). Gazteluaren funtzioa Famagustako itsas-portu garrantzitsua etsaien erasoetatik babestea zen. Zanga oso sakonek inguratzen zutenez "Gotorleku zeharkaezina" ezizenaz ezagutzen zen. Famagustara sartzeko bide nagusia gaztelua zen gainera.
1489an Veneziako Errepublikak Zipre erosi zuen. Gazteluaren harresia artilleria modernoagoari egokitzea erabaki zuten baina horma sendoak ziren eraisteko eta egindako aldaketa bakarra dorre karratuen ordez dorre zirkularrak ezartzea izan zen[1]. Berreraikuntza hauek veneziarrek egin zituztela adierazteko San Marko lehoiaren erliebea ezarri zuten gazteluaren sarreran, ohitura zuten bezala. Lehoiaren irudiaren alboan berreraikuntza lanak gidatu zituen Nicolo Foscari kapitainaren izena agertzen da, eta "1492" data ere bai.
2014an gaztelua berrizteko lanak hasi zituzten[3] eta 2015eko uztailaren 3an ireki zituen ateak berriz[4].
Arkitektura
Oinplano laukizuzena du, erdian barne patioa duena. Patioan espainiarren eta otomandarren kainoi bolak daude, gazteluak jasandajko erasoen berri ematen dutenak. Brontzezko espainiar kainoi bat egoera oso onean dago, 400 urte dituen arren[1].
Gazteluko harresiaren erpinetan lau dorre zirkular ditu. Lusignan garaian eraikitako jangela eta logelak ditu. Jangela gazteluko areto handiena da. 28 metrotako luzera du eta iluna da, ez baitu leihorik. Bukaeran sukaldea dago[2].
Literatura
William Shakespearek 1603an idatzitako Otelo antzezlana idatzi zuen eta izena gaztelu honetatik hartu bazuen ere Otelo veneziar kapitaina mairu gisa deskribatu zuen eta ez veneziar gobernadore gisa. Nagusiak Otelo Ziprera bidaltzen du "hiriaren gotortasuna ongi ezagutzen duelako". II ekitalditik aurrera antzezlana "Zipreko itsas-portu batean" gertatzen da eta baita "gazteluaren aretoan" ere[2].
Esan beharra dago Shakespeare ez zela inoiz Zipren izan eta Zipreren inguruko berri handirik ere ez zuela izango garai hartan[1]. Pentsatzen da agian Sir Cristoforo Moro Zipreko gobernadorearen istorioaren berri izango zuela eta mauria ez bazen ere abizenak hori pentsatzera eramango zuela[2]. Bigarren hipotesi bat ere badago, Francesco de Sessa zerbitzari veneziarrarena. Larruazal iluna zuenez "Il Moro" (mairua) ezizena zuen eta 1544an erbesteratua izan zen[2].
Iruditegia
Gazteluaren sarreran San Markoren lehoia.
Harrziko horma eta dorre zirkularra.
Barneko patioa.
Gazteluko geletako hondarrak.
Pasabidea.
Erreferentziak
↑ abcd"Othello's Tower and Citadel". www.cypnet.co.uk.