Ormaza kontserba fabrika[1] Bermeon dagoen eraikina da, garai batean Conservas Ormaza enpresak erabilia.
2020ko abenduaren 15an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Monumentu kategorian[2].
Historia
Historikoki, Bermeon, arraina eraldatzeko eta kontserbatzeko industria hiru fasetan garatu izan da: hasieran, San Pedro Kofradiaren Eskabetxeria Etxea sortu zen, eta monopolioa ezartzen saiatu zen; ondoren, bigarren fasean, aduanak kostaldeetara eraman eta sektorea liberalizatu egin zen, eta portu inguruan kontserbak egiteko guneak sortu ziren; eta azkenik, 1910etik aurrera, soilik jarduera horretan aritzen ziren higiezinak agertu ziren.
Hain zuzen ere, aipatutako azken etapan koka dezakegu Ormaza kontserba fabrika. Ruperto Ormazak sortu zuen 1923an, eta ondoren, 1941n, haren seme Antonio Ormazak hartu zuen enpresaren ardura. Hain justu, orduantxe egin zuen gaur egungo eraikina Pedro Ispizua arkitektoak. Fabrika hau eraikitzeak inflexio-puntua eragin zuen ordura arte eraikitako kontserba-fabrikekiko; izan ere, itxura tradizionaletik estilo «modernora» igaro ziren.
Aipatu bezala, Pedro Ispizua Susunaga arkitekto bermeotarra arduratu zen Ormaza kontserba fabrikaren proiektua egiteaz. Pedro Ispizua 1895eko apirilaren 29an jaio zen, eta, Elias Mas Serra-ren hitzetan, «mende honetako (XX. mendeko) Euskal Arkitekturaren panoramako pertsonarik erakargarrienetakoa» izan zen. Haren ustez, Pedro Ispizuaren arkitekturak «izaera eklektikoa» du, eta arkitektura-mota hori «nekez gaindi daitekeen obra da, denboraren eta gaien aldetik duen hedaduragatik eta bere proposamenen kalitate formalagatik». Hori dela-eta, zaila da Ispizua estilo edo mugimendu jakin batean kokatzea, bere lana hizkera erregionalista batetik abiatzen delako eta beste mugimendu batzuetarantz doalako, hala nola, Art Deco-rantz, arrazionalismorantz, espresionismorantz, eta abar. Hala ere, haren obrak izaera eklektikoa du, eta hori da «berau identifikatzeko funtsezko elementua».
1940tik 1965era, Ispizuaren obra heldutasun-fasean sartu zen. Bere monografian, garai hori «eklektizismo garaile» gisa izendatzen da, eta, hain zuzen ere, une hartan, aurreko fase arrazio- nalista igarota, «eklektizismoa behin betiko hedatu zen». Sasoi hartan kokatzen da, hain zuzen ere, Ormaza kontserba fabrika: arrazionalismoaren oinordeko izanik, «itxura soila eta apaindurarik gabea dauka, nolabaiteko klasizismo-dosiarekin eta dekorazio-ukituarekin fusionatuta».
Ezaugarriak
Ormaza kontserba fabrikaren eraikina Bermeoko alde zaharretik hego-mendebaldera dago, hiri-egituran txertatutako orube batean. Fatxada nagusiak, hegoaldekoak, Askatasun Bidearen aurrera ematen du, eta iparraldean zeuden nabeak (gaur egun desagertuta daudenak) Erreñe Zubi kaleraino iristen ziren.
Eraikinak programa mistoa dauka (industria eta bizitokia), eta horrek ekonomia familiarraren izaera nabarmentzen du. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zenaren (gaur egun desager- tuta dago) gelaurreari dagokion bolumen erantsiak multzo bat osatzen dute, eta multzo horrek hegoaldera ematen du, orain Askatasun Bidea deitzen den kalerantz. Nabea beste bi bolumenen atzealdeko fatxadari zegoen atxikita, eta orubearen amaieraraino heltzen zen. Gaur egun, nabea bota egin denez, leku asko geratu da hutsik orubean.
Etxebizitzarako erabiltzen zen multzoa programa funtzional batean zegoen oinarritua. Beheko solairua dauka, bulego gisa erabiltzen zena, eta goiko bi solairu, etxebizitza zegoen lekuan. Bolumen horretatik, kontserba-instalazioetarako erabiltzen zen bi solairuko eranskinera sar zitekeen. Gune horrek, gainera, sarrera independentea zuen, ibilgailuak sartzeko.
Itxura bolumetrikoari eta kanpoko itxurari dagokienez, bizitokiaren inguruan izkina egiten duen atal bat dago; fatxada konkaboa dauka, eta dorre batek errematatzen du. Dorre hori ur-biltegia da, eta, aldi berean, oinplanoa artikulatzen du; horren oinarrian, berriz, sustatzailearen izena ageri da: ORMAZA. Fatxadako baoen funtzionaltasunak kontraste egiten du dorre formako errematearen monumentaltasunarekin. Bestalde, industria-eranskina bizitokiari atxikita dago, laukizuzen etzanaren formako bi solairuko bolumen zuzen baten bidez. Multzo horren fatxadan, forma zuzen eta kurbatuko balkoi jarraitua nabarmentzen da, baranda metalikoa duena, baita idi-begia ere, gainerako bao erregularretatik bereizten dena. Era berean, harlandua imitatzen duen eta multzo osoa lotzen duen zokalo baten gainean dago. Eraikinaren irudi korporatiboa, dorrean bezala, «ORMAZA» abizenaren errotulazioaren bidez ere identifikatzen da bolumen honetan.
Ormaza fabrikaren eraikina kalearen morfologiara egokitzen da, haren kokapeneko kurbadura indartuz. Izan ere, eraikin irregularra da, izkinan eraikita balego bezala, eta horrek balio erantsia eta handiagoa ematen dio obrari. Elementu urbanoa formen bidez sustatzeari eta estimulatzeari buruz, hauxe dio Amaia Apraiz historialariak: «hori da fabrika honek Euskal Herriko Arkitekturaren Historiari egindako ekarpen handienetakoa».
Bestalde, materialak modu desberdinean erabiltzen dira bi bolumenetan. Alde batetik, adreilua bolumen industrialerako dago erabilita, eta Lehen Industria Iraultzaren garaiko fabrika ingeles gehienetan erabilitako materiala gogorarazten du; bestetik, hormigoia etxebizitzarako dago erabilita, eta, material eta teknologia modernoen erabilera islatzeaz gain, eraikinaren ildo arrazionalista nabarmentzen du.
Erreferentziak
Kanpo estekak