Hauspo batek kutxa itxi bat airez hornitzen du, eta hodi diseinu konplexu bati esker, aire hori bera hodi edo txirula batzuetara bidaltzen du. Aire bidalketa hori teklatu baten bidez egiten da, nahieran. Jotzailearen esku batek hauspoa maneiatzen du, eta besteak teklak sakatzen ditu. Birika-hausporik ez dagoenez, hau da, airearen jario konstantea erregulatzen duen depositurik ez dagoenez, soinu-tresnak arnasa hartu behar du, abeslari batek egingo lukeen bezala, eta hots emisioa eten behar du airea hartzeko.
Organo eramangarri ere esaten zaion tresna honen neurriak oso aldakorrak ziren, sorbaldatik uhal baten bidez zintzilik eraman zitezkeen tamaina txikikoetatik, mahai gainean jartzen ziren tesitura handiko tresnetaraino. Portatibo izendapenak organoaren mugikortasun erraz samarrari egiten dio erreferentzia, eta positiboa deiturak, berriz, tresna leku desberdinetan jartzeko edo kokatzeko aukerari, organo handiak ez bezala, azken hauek mugiezinak baitira. [2]
Clara Fernández-LadredarenIconografía Musical de la Catedral de Pamplona (2004)[4] lanak tamaina eta funtzio ezberdinetako organoen inguruan dihardu. Iruñeko katedralekoikonografian aurki ditzakegun bi organoak argi eta garbi portatiboak direla dio. Hala ere, Nafarroako dokumentazioan dirudienez bi tipologiak aipatzen dira: batetik organo portatibo txikiak, gorteetan ez ezik ospakizun profanoetan ere erabiltzen zirenak, eta bestetik, organo positiboak, handixeagoak baina ez karolingiarrak bezain handiak, Erriberriko errege kaperakoak eta Santa Maria elizakoak, kasu.