Norteko Konpainia (gaztelaniaz jatorriz, Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España (CCHNE), Compañía del Norte eta Norte izenez ere ezaguna), Norteko burdinbidearen (1858-1864) eta Espainia iparraldeko beste linea batzuen eraikuntza kudeatu zuen. Norteko Konpainia Pereire anaia finantza-gizon frantsesen Crédito Mobiliarioren hegalpean sortu zen 1859ko urtarrilean.
Konpainiaren sorrera Espainiako burdinbide-sarea hedatzeko lehian kokatzen da, nazioarteko zein tokiko hainbat interes talde elkartu zituena. Pereire anaiek eta Rothschild familiako finantza-gizonek eskuratu zituzten Espainiako linea nagusiak eta gehienak. Konpainia Francoren diktaduraren pean nazionalizatu eta 1941ean desegin zen, RENFEn integratuta.
1852an, Midiko Konpainia eratu ondoren, Frantzia hego-mendebaldeko burdinbide-sarearen jarraipen naturala Pirinioak zeharkatzea zen Pereire anaientzat, Europako burdinbide-lasterketan Rothschildarrekin lehia estuan zebiltzala. Haiekin lehiatzeko, 1853an lehenengo ahalegina egin ondoren, frantsesek Crédito Mobiliario filiala sortu zuten 1855eko amaieran. 1856an, finantza-erakunde sortu berriak Madril-Irun burdinbidearen esleipeneko 782 kilometroak eskuratu zituen. Hala ere, nazioarteko testuinguru zaila dela eta, artean ia lau urtez luzatu zen horretara zuzendutako konpainia baten sorrera. Norteko Konpainia eratu zenean, jada 237 kilometro eraiki ziren, beste 132 eraikiak izateko zorian zeuden, eta espero zen 732 kilometroak aurreikusitako epeetan amaitzea.[3]
Funtzionamendua
Norteko Konpainiaren presidentea Calderón izan zen eta presidenteordea, berriz, Isaac Pereire. Hala ere, azken honek izan zuen benetako boterea, hamaika kidez osatutako Pariseko zuzendaritza-batzorde baten buru aritu baitzen, estatutuetan ezartzen zen bezala. 1870ean, Eugène Pereire zuzendaritza-batzordean sartu zen eta, hurrengo urtean, Emile Pereirek dimisioa eman zuen bere seme zaharrenaren alde, Emile Pereire II.[oh 1] 1875ean, Isaacen hirugarren seme Gustave bildu zen zuzendaritza-batzordera.[4] Albako dukea, Maria Eugenia Montijokoaren ezkonanaia, izan zen konpainiaren lehendabiziko inbertsiogileetakoa.[5]
Isaac Pereireren heriotzean (1880), Torreko dukearen, zuzendaritza-batzordeko buruaren hileta hitzaldian, Norteko Konpainiaren hainbat bertute nabarmendu ziren: 30 urtean, Konpainiak gobernuaren burdinbide politiketan izandako eragin handia, eta gogora ekarri zituen, gainera, konpainiaren ekintza paternalistak, adibidez, aseguruak, pentsioetarako fondoak, konpainiaren saltokiak (ekonomatoak).
Bilakaera
1870eko hamarkadan, Pereiretarrek egindako inbertsioetatik irabaziak ateratzen hasi ziren eta, Rothschildarrekin 1875ean iritsitako hitzarmen bati esker, etekin eskaseko Sevilla-Kordoba linea abandonatu zuten eta, trukean, Iberiar Penintsula iparraldeko burdinbideen kontrol osoa eskuratu; izan ere, Norteko Konpainia arrakastatsua izan zen, Madril eta Paris arteko trafiko handiari esker.[4]
1874an, hedatzen jarraitzeko asmoz, Norteko Konpainiak ZPB bereganatzeko ahalegina egin zuen, erosiz edo haren lineak 12 urterako alokatuz. Hala ere, ZPBko bazkide katalanek (eta MZA konpainia lehiakideko kide ere bazirenek) gogor egin zioten Konpainiari.[6] Aldiz, 1878an, Penintsulako burdinbideen banaketari buruz MZArekin hitzarmen batera heldu ondoren, Nortek ZPB erosi zuen oraingoan eta, hartara, Espainia ipar-ekialdeko monopolioa eskuratu zuen, interes handikoa ogirako zerealak Kataluniara garraiatzeari dagokionez.[7] Arrakastak puztuta, hamarkada bat geroago, Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia Berriakatalana (TBF) erosteko ahalegina egin zuen haren ahulaldia aprobetxatuz. MZAk, ordea, mugimendu azkar batean, TBFn esku hartu ahal izan zuen kontraproposamen baten bitartez eta, horrenbestez, Norteko Konpainia esku hutsik joan zen oraingoan (1891).[7]
XIX. mende amaieran, tarifa gerra eginez, gatazka komertziala piztu zen bi konpainia erraldoien artean (MZA eta Norteko Konpainia), eta Canovas del Castilloren interbentzioz bakarrik baretu ahal izan zen. Barealdi horrek 1907 arte iraun zuen.[8] Lehen Mundu Gerrako oparoaldiari esker, Konpainia lineak elektrifikatzen hasi zen 1918an, eta Espainiako ardatz nagusiak prest zeuden Gerra Zibila hasi baino lehen, tartean Irun-Altsasu, 1929an burutua. Espainiako Gerra Zibila amaituta, Norteko Konpainia RENFEn nazionalizatua izan zen Espainiako beste burdinbide konpainia ugarirekin batera 1941ean.
↑Prezio oso altua jarri zioten Norteko Konpainiari, eta hau ez zebilen horretarako prest, areago konpainia Karlistaldiarengatik jasaten ari zen gorabeherak kontuan hartuz; ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 268. or.
López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN978-84-15963--59-2..