Nimega[1] (nederlanderaz, Nijmegen) Herbehereetako ekialdeko hiria da, herrialdeko hamargarren populatuena. Gelderland probintzian dago. Herbehereetako hiririk zaharrentzat hartzen dute; izan ere, 2005ean haren sorreraren bi milagarren urteurrena ospatu zen.
Waal ibaiaren ertzetan eta Alemaniako mugatik gertu dago. Industriagunea da: industria mekanikoa, berogailu eta elektrizitate-tresnak, ehungintza, papergintza, jantzi eta zapatagintza dira jarduera nagusiak. Burdinbide-lotune garrantzitsua. Unibertsitate katolikoa ere badu.
Banaketa administratiboa
Barrutiak
Nijmegen-Centrum
Nijmegen-Oost
Nijmegen-Oud-West
Nijmegen-Nieuw-West
Nijmegen-Midden
Nijmegen-Zuid
Dukenburg
Lindenholt
Nijmegen-Noord
Historia
Noviomagus antzinako hiri zelta zen; Trajano enperadoreak erromatartu zuen (Ulpia Noviomagus). Enperadorearen egoitza izan zen Karlomagnoren garaian. Gero, Hansaren barne egon zen hiri aske gisa; 1585ean espainiarren mende erori zen, eta 1672an frantsesek beretu zuten. 1806tik aurrera holandar hiria izan da, Napoleonen mende egon zen aldian izan ezik (1810-1814). Antzinako eraikuntza gehienak suntsiturik gertatu ziren Bigarren Mundu Gerran estatubatuarrek egindako bonbardaketaren kariaz (1944).
Nimegako hitzarmenak
Hiri horretan Frantziak, Holandak eta Espainiak sinatu zuten bake-ituna (1768ko abuztua - 1769ko otsaila). Frantziako Luis XIV.ak 1672an Herbehereen aurka egindako erasoaren ondorioz, Hagako Aliantza Handia (1674) osatu zuten Holandak, Espainiak, Inperioak, Brandeburgok eta Lorrenak. Ezin izan zioten frantziar gudarostearen oldarrari eutsi, baina Ingalaterrak jarrera neutrala alde batera utzi eta Holandarekin elkar hartu zuenean (1678ko uztaila), Luis XIV.a bakezkoak egitera makurtu zen. Hitzarmenen ondorioz, Holandak Maastricht berriro bereganatu eta merkataritza-abantaila zenbait lortu zituen. Espainia galtzaile atera zen (Franche-Comté eta 14 hiri eman behar izan zizkion Frantziari, beste zenbait beretu bazituen ere). Enperadoreak Philippsburg bere esku gorde zuen, Frantziari emandako Friburgo eta Brisachen truke.