Nagore Basterra Berridi

Nagore Basterra Berridi

Bizitza
JaiotzaOndarroa, 1979 (44/45 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jardueraktriatloia eta fisioterapeuta

Nagore Basterra Berridi (Ondarroa, 1979) bizkaitar triatleta da. [1]

Biografia

13 urte zituela hasi zen bizikletan eta igeriketan, baina lesio bat tarteko utzi egin zuen denboraldi batez, eta orduan, korrika egiten hasi zen. Ondarroako Kardala kirol elkarteko zuzendari Gerardo Sainzek animatuta, taldera batu zen.

Triatloia

16 urterekin Euskadiko txapeldunorde izan zen triatloi olinpikoan, eta Ermuan jokatu zen Bizkaiko duatloi txapelketan txapeldun postua lortu zuen. Astero izaten zituen lehiaketak, bai Euskal Herrian, bai Kantabrian. Bere emaitza onak ikusita, Kardalatik Eibar triatloi taldera joan zen, eta handik K3ra, Bilboko nesken triatloi taldera. Eibar Triatloi Taldean 16 urterekin hasi zen eta bertan ibili zen bi urtez. Bera zen emakume bakarra.

Eibartik K2 taldera pasa zen, eta han beste bi urte egin zituen. Talde horretan zebilen Virginia Berasategi Luna triatleta ere. Haren aita zen entrenatzailea, Javier Berasategi. Berak gonbidatu zuen Nagore Basterra taldera. Bi urte igaro ondoren, ostera, utzi egin zuen: ez zen bateragarria unibertsitateko ikasketekin.

Ondarroako triatloi taldearen sorrera

Ondarroan triatloi talde baten beharra mahaigaineratu zuten arlo horretan lehiatzen zirenek, 2000. urtearen bueltan. Kardala Triatloi Taldea desagertuta zegoen, eta herritik kanpoko taldeetan zeuden denak. Beraz, Koaxi Triatloi Taldearen proiektua martxan jarri zuten Ondarroako triatletek. Nagore Basterra zen horietako bat.

Ikasketak, lana eta amatasuna tarteko, lehiaketak utzi zituen. Kirola egiten jarraitzen du. Horrez gain, lanbidea ere kirolarekin erabat lotuta dauka; kirola edo gorputzarekin, fisioterapeuta da eta.

Erreferentziak

  1. «Kirolaz gozatzen, presiorik gabe» 11barri (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).

Kanpo estekak