Maurice de Bevere edo "Morris" ezizenez ezagunagoa (Kortrijk, Flandria, 1923ko abenduaren 1a - 2001eko uztailaren 16a) komiki marrazkilari belgikarra izan zen.
"Lucky Luke" pertsonaia ezagunaren sortzailea dugu.
Istripuzko eroriko baten ondorioz hil zen.
Bizitza
Belgikako Kortrijk herrian jaioa, Morris, "Compagnie Belge d'Actualités animation studios (CBA)"n hasi zen marrazten. Hauek, sortu berriak ziren estudioak ziren. Bertan Peyo eta André Franquinekin egin zuen topo. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, estudio hauek itxi egin behar izan zuten. Morris, orduan, "Het Laatste Nieuws" egunkari flandriarrarentzat lanean hasi zen, marrazkigile bezala. Baita Dupuisen "Le Moustique" astekariarentzat ere. Azken honentzat, 250 azal eta beste hainbat marrazki egin zituen, zine izarren karikaturak, batipat.
Lucky Luke
Morrisek bere pertsonaiarik ospetsuena, Lucky Luke, 1946. urtean asmatu zuen. 1955etik aurrera, pertsonaia honi buruzko komikiak egiteko, René Goscinny komiki gidoilari frantziarraren laguntza izan zuen. Eta Goscinny bera izan zen Lucky Luken komikien gidoilaria, 1977. urtean hil zen arte.