Montejurra[1][2] —euskarazko testu batzuetan, Jurramendi[3][4][5] edo Mendixurra[6] izenez aipatua— Nafarroa Garaiko mendebaldeko mendi bat da, 1.046 metro garai. Lizarrako merindadean dago, Aiegi herritik hurbil. Mendi bakartzat jo ohi den arren, hiru tontor ditu, antzeko altueradunak. Montejurra sinbolismoz jantzitako lekua da Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan, hainbat gerra gertaera izan zirelako bertan XIX. mendeko karlistaldietan. Ondorioz, XX. mendean karlistek erromeria jendetsua egiten zuten urtean behin.
Izena
Montejurra du izen arautua euskaraz eta gaztelaniaz. Euskaraz, izen hori da tradizioan lekukotza duen bakarra, bai ahoz eta bai idatziz. Agiri zaharretan, honako forma hauekin ageri da: Montehurra, Montexurra eta Montejurra. Lehen zatia baliteke gaztelaniazko izen arrunt bat izatea (monte); eta bigarrena, izen ezezagun bat, itxuraz euskarazkoa.
Gaur egun euskaraz saihestekotzat jotzen dira XX. mendean asmatutako Jurramendi, Mendixurra eta Mendixurri izen berriak,[2]Euskaltzaindiaren arabera mendi honen arauzko izen bakarra euskaraz Montejurra baita.
Morfologia
Montejurra mendigunea hiru gailurretan amaitzen da. Haietako mendebaldekoenak antena estazio bat du gainean, baita mugarri geodesiko bat ere. Erdiko gailurra, ia altuera berekoa (1.046 metro), Montejurra deitzen da, eta ekialdean du gailur ezagunena, erromerien helmuga. San Ciprián (1.042 metro) gailurraren magalean izen bereko ermita dago, baita harrian zulatutako kapera ireki bat ere.
Bi gudu gertatu ziren, bi karlistaldietan, Montejurraren eta Lizarraren inguruan: 1835. urteko azaroaren 16an, lehena; eta 1873ko azaroaren 7, 8 eta 9an, bigarrena.
1873. urteko gudua, berriz, askoz ere latzagoa izan zen, 25.000 bat gizon armatu bildu baitziren Lizarra aldera: 17.000 liberal eta 8.000 karlista. Hiru borroka egunen buruan, Moriones jeneral liberalak bere gizonei atzera egiteko agindua eman ziela jakin zuten karlista garaitzaileek. Karlos VII.a erregegaia han izan zen, bere osteen mugimenduei behatzen. Gertaera hura gogoratuz, Karlismoaren jarraitzaileek egun hori eta mendi hau bilgune bihurtu dute.
1976komaiatzaren 9an, Karlos Hugo Borboikoak Una cita para el pueblo esapidean gonbidatu zituen hainbat alderdi (PCE, PSUC, PTE, ORT, MCE, PSP, PSOE), urteroko festa egun karlista ospatzeko, baina eskuin muturreko Francoren jarraitzaileek, Sixto Henrike Borboikoa buru zela, atentatua burutu zuten eta 2 pertsona erail zituzten, Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hain zuzen ere, hainbat zauriturekin batera.
Espainiatik kanporatzeko agindua jaso zuen Sixto Borboikoak haren ondoren.