Kalea Hiru Pilare plazan hasten da eta Arechaga kalearen kantoian amaitzen da, Gorte kalearen hasieran. Bilboko Ibaiondo barrutikoa da eta aurretik Kontzezio kaleraino jarraitzen zuen. Hori 2000ko abenduaren 26ko Alkatetza Dekretuaren bidez aldatu zen.[1]
Testuinguru geografikoa
1544. urte inguruan Miribillako gainetik hartutako ikuspegia Bilbo eta inguruko elizateen orain arte ezagutzen den irudikapen zaharrena da. Johannes Muflinen marrazkia George Braun eta Frans Hogenbergen Civitates Orbis Terrarum-en II. liburukian dago, 1575ean argitaratua. [2]
Antzinako Bilboko biztanleentzako pasealeku izan zen, baina egoera pribilegiatu horren ondorioz, Lehen karlistalditik gotorlekuak eta azpiegitura militar ezberdinak eraiki ziren gainetan, inguruko lur-eremu handia kontrolatzen zutenak.[1]
Miribilla mendia eta meatze-barrutia
Miribilla Bilborantz begira dagoen mendia da, eta, XIX. mendearen amaieratik, bertan dauden meategien ustiapena handitu zenetik, inguruko eremuen eta berearen hazkundea eta eraldaketa eragin zituen. Mendi bat izan zena meategi bihurtu zen, eta Abando eta Bilboko errebalak izan zirenak langile auzo bihurtu ziren. Bertan, bat-batean eta inolako plangintzarik gabe, auzotzat hartu ziren etxe multzo berriak garatu ziren. Ustiategirik handiena San Luis meategia izanik, aurrera egin ahala, garaiko beharraren arabera altxatutako eta mea-zainen gainean eraikitako etxeak eraitsi behar izan zituzten.[3]
Historia
Miribilla, lehen Miravilla deitua, hasieran kale bat baino gehiago gaur egungo Kontzezio kalearen hasieran zegoen auzune bat zen, Bilboko hiribildutik urrunen dagoen kaleetako bat, eta, gainera, Abandokoelizatekoa. Miribillako meategi eta mendian bertan zegoen, eta, meategiaren inguruan eraikitako eremuen artean, eremu degradatuenetako bat zen. Zenbait iturriren arabera, Olagizonen kalea (calle de los Ferrones[1]) ere esaten zitzaion, eta Bilbotik Balmasedarako errege-bidearen zati bat zen. Eskailera batzuetatik ere igotzen zen, eta 1883ko data duten dokumentuengatik dugu horren lehen berria. [4]
Historikoki, kalea bi gunek osatu dute: Miribilla garaia, Kontzezio kalearen inguruan, eta Miribilla beherea, Bilbo Zaharretik gertu. Hainbat izen izan ditu, eta desagertutako eta ahaztutako kalez eta kalezuloz inguratuta egon zen. Zaila da kale horiei izena ematen zaien datari buruzko iturriak aurkitzea, baina 1863an, eta inguruko plano topografiko baten arabera,[5] gaur egun Hiru Zutabeen plaza denari San Antonio plazatxoa deitzen zaio, eta Miribilla kalea San Antonio Txikito kalea bezala agertzen zaigu. 1873an, aldi berean, Lopez Harokoa, San Antonio Txikito eta Iturri (Fuente) kalea,[6] azken kale hori Miribillak beranduago bereganatuko duena, elkarrekin aurkitzen ditugu. Ingurua Bilborena den garaian gaude, 1870. urtean Abandoko Elizatea partzialki anexionatu ondoren. Geroago, 1877an, plazatxoak oraindik ere "Diego Lopez Harokoa" du izena, Abandok eman zion azken izena.
1879an, Bilboko Zabalguneko egitasmoen barruan eta zabalgune horretan eraikita edo planifikatuta dauden kale berriei izen ospetsuak emateko asmoz, hizpide dugun kalearen izena aldatu zen, eta, beraz, ordura arte "On Diego Lopez Harokoa" izenez ezagutzen zena Miravilla izatera pasatu zen, zeina, egitasmoaren kudeatzaileen hitzetan, tokiko izena baitzen, eta "arrazoi bereziak baitzeuden kale honetarako izen ospetsurik ez hartzeko".[7] Erabaki horrek udalean kale horri buruz zuten degradazio-kontzeptuaren fede ematen du, mota eta kategoria desberdinetako prostituzio-etxeen kontzentrazio eremua baitzen, biztanle-dentsitate handikoa, gehienbat jornaleroak eta langile-klasekoak, kalitate eta higiene oso txarreko etxebizitza-arazoekin.[8] Hala ere, 1885ean oraindik mantentzen da San Antonio Txikito izeneko bide-zati bat.[9]1896an, eremuaren antolamenduak beharrezko egiten du Fuente kaleko desjabetzeak egitea, Gorte eta Miribilla arteko bidea zuzentzeko.[10] Kale horretan urbanizazio-obrak egiten ari dira oraindik 1932an, [11]1940an udal izendegitik behin betiko desagertzeko.[12]
Kalea XXI. mendean
Meatze-industria joan den mendeko 70eko hamarkadaren erdialdean desagertu zen, eta, aldi berean, industria-birmoldaketa orokorrak, erakundeen utzikeriak eta eremuko langabezia-maila handiak auzoa erabat hondatuta utzi zuten, eta horrek ezinbesteko bihurtu zituen 90eko hamarkadatik aurrera egiten ari diren hirigintzan eta gizartean esku hartzeko planak.[13] Aldi berean, meategi zaharren lurretan Miribillako auzo berria eraikitzeak eta auzo hori urbanizatzeko eta trafiko-bideak irekitzeko beharrak sakonki eragin zioten San Frantzisko auzoari eta bereziki Bilbo Zaharretik gertu dagoen eremuari, auzo berria eraikitzearen menpe geratu ziren eremuak.[14]
Meatzea itxi zenetik Miribilla kaleak bizi izan dituen aldaketa ugarietako azkena (besteak beste, 2000. urtean ibilbidea aldatzea eta murriztea[1]) 2017. urtean izan zen, saneamendu-sarea berritzeko, espaloiak kentzeko eta eremua osorik eraberritzeko lanak bukatutzat eman zirenean, oinezkoentzako gune bihurtu baitzuten.[15]
Historikoki apala izan den kalea izanik, eraikinen artean 2. zenbakiko ataria duen eraikina nabarmentzen da, Anastasio Arginzoniz Urkiza Busturiko semeak egina, Deustuko Elizateko udal arkitektoa izan zena Bilbok anexionatu aurretik. Estilo arrazionalistakoa da, eta 1941ean eraiki zuten.[16]
Zerbitzuak
Kale handia eta joan-etorri handikoa ez denez, ez dago denda askorik, baina Laurak liburu-denda aurki dezakegu bertan. Liburu-denda hori kaleko 5. atarian dago, eta 2022ko otsailean inauguratu zen, filosofiari eta saiakerari lehentasuna ematen dien eskaintzarekin.[17] Horrez gain, Bilbi hotela dago, garai bateko Hotel Cantabrico, 8. zenbakian.
2018ko martxotik, Aretxaga-Miribilla izeneko espazio artistikoa du Miribilla kaleak, horma-irudi iraunkor batekin eta tamaina handiko beste instalazio aldakor batekin. Andoni Euba, Stanislav Sadovy artista ukrainarrarekin batera, ekimenaren sortzailea da, Bilboko Udalaren laguntzarekin.[18][19]
Salazar Arechalde, José Ignacio (2006). La otra orilla. Formación del barrio de San Francisco (1870-1900). Bilbao: SURBISA.
VVAA (2000). Bilboko Estanpak/Estampas de Bilbao/Pictures of Bilbao. 1575-1860. Bilbao: Euskal Arkeologia,Etnografia, eta Kondaira Museoa-Museo arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco. ISBN 84-922855-6-7.