Mikel Salegi Urbieta

Mikel Salegi Urbieta
Bizitza
JaiotzaDonostia, 1953
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1974ko abenduaren 18a (20/21 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Jarduerak
Mikel Salegi Donostiako Polloeko hilerrian lurperatuta dago.

Mikel Salegi Urbieta (Donostia, 1953-1974ko abenduaren 18a) gaztea Guardia Zibilak kontrol batean Errekalde auzoan tirokatu eta hil zuen, frankismoaren hondarreko Euskal Herriko errepresio giroan. Gaztea beste lagun batzuekin zetorren etxera Tolosatik. Kontrol batean, 18 tiro jaso zituen gorputzean eta odolustua hil zen ospitalera heldu baino lehen.

2024an, gaztearen hilketaren 50. urteurrenaren harira, oroimen ekitaldi bat antolatu zen Kursaalen, eta gaiari buruzko liburu bat argitaratu, Aranzadi elkarteko Javier Bucesek ondua.

Gertaerak

Tolosan afaldu ostean, lagunak hiru autotan itzuli ziren Donostiara. Gau ilun eta euritsua zen. Guardia Zibilak bazterbidean atxikita zituen bost autok kontrolaren seinaleak ezkutatzen zituzten. Lehendabiziko bi automobilak geldiarazi zituzten; Mikel Salegi hirugarrenean zihoan. Lagunek guardiei esan zieten: «Errepidetik datorren auto hori taldeko hirugarrena da».

Guardia batek alto eman zion hirugarrenari, baina, dirudienez, errepidetik ez zen ikusten ahal. Kontrola osatzen zuten bost guardia zibilek tiro egin zieten. Mikelek 18 inpaktu jaso zituen, kontroleko azken ibilgailua ere ez zuen gainditu. Tirokatu ondoren, guardia zibilek zaurituaren trasladoa oztopatu zuten eta, ondorioz, gaztea salbatzeko denbora asko galdu zen. Guardia Zibilaren zeregin bakarra izan zen gidaria atxilotzea eta bahitzea. Hiru egunez ezkutatu zuten, inork ez zekien non zegoen. Halaber, autoa eraman zuten frogak ezkutatzeko. Bitartean, zauritua errepidean botata egon zen.

Lagunek beste auto batera igo zuten eta ospitalera abiatu ziren. Bidean beste kontrol batek geldiarazi zituen, Polizia Nazionalarena. Ospitalera iritsi zirenean hilda zegoen. Familiak gorputza ikusi nahi izan zuen, baina poliziak ez zion utzi; poliziek gorpua lapurtu eta Polloeko hilerrira (Donostia) eraman zuten. Hurrengo egunean, gestio ugari egin ondoren, ikusteko baimena lortu zuten.[1]

Hileta

Hurrengo egunak gogorrak izan ziren Salegi familiarentzat. Horrela azaldu zioten hiletan gertatutakoa hil ondotik Mikeli idatzitako gutun batean: «Hileta Santa Marian izan zen. Elizako irteera izugarria izan zen. Polizia Nazionala genuen inguruan, eta eskuin muturreko zibilen lehen lerro armatu bat. Jipoitu egin gintuzten. Ama jotzen hasi ziren. Zure lankide batek esan zuen: "Ez ezazue jo, hildakoaren ama da-eta, jo nazazue ni". Eta hala egin zuten, bera jo zuten. Haurdun zegoen eta umea galdu zuen. 10 zauritu baino gehiago izan ziren (horietako batek begi bat galdu zuen) eta 200 atxilotu. Emakume bat bihotzekoak jota hil zen sarraski haren aurrean jasotako inpresioagatik».[1]

Epaiketa bat izan zen, baina inori deliturik leporatu gabe artxibatu zuten kasua.[2]

Oroimena

Salegiren heriotzaren 50. urteurrenean, 2024ko abenduaren 14an, ekitaldi bat antolatu zen Donostiako Kursaalean euskal gaztea oroitzeko. Senideek ekitaldi horren bitartez dolua igarotzeko pausua zela aipatu zuten. Aldi berean, ekitaldiaren harira, Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 50 urteko bide hori jasotzen zuen historia ondu zuen, liburu batean, une horretan aurkeztua: Mikel Salegi, oroitzapenetik oroimenera, del recuerdo a la memoria.[3]

Erreferentziak

  1. a b (Gaztelaniaz) «La memoria histórica» Imagen Vasca (web.archive.org) 37. zk. 2007ko abendua (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  2. (Gaztelaniaz) «Mikel Salegi Urbieta, asesinado por la guardia civil en Donostia en 1974, otra víctima más del franquismo ignorada por los “medios de comunicación”» RecueRda RepúBlica, (web.archive.org) 2020-11-13 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  3. «Mikel Salegiren bizitza eten zuten 18 tiroak» Berria 2024-12-13 (Noiz kontsultatua: 2024-12-14).

Kanpo estekak