Maria Wörth

Maria Wörth
rural municipality of Austria (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Austria
Austriaren banaketa administratiboa Karintia
Austriako barrutiaKlagenfurt-Land District
Posta kodea9081
Geografia
Koordenatuak46°36′59″N 14°09′41″E / 46.6164°N 14.1614°E / 46.6164; 14.1614
Mapa
Azalera17,39 km²
Altitudea450 m
MugakideakTechelsberg am Wörther See eta Klagenfurt
Demografia
Biztanleria1.611 (2018ko urtarrilaren 1a)
Dentsitatea93 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0 42 73
Hiri senidetuakCodroipo eta Freising
MatrikulaKL
maria-woerth.at eta maria-woerth.at

Maria Wörth (eslovenieraz: Otok) Austria hegoaldeko udalerri bat da, Karintia eskualdean kokaturik dagoena, Esloveniarekiko mugatik gertu. 2022ko erroldaren arabera 1.609 biztanle ditu. Wörthersee aintziraren ertzean dago eta Austriako turismoguneetako bat da[1].

Izena

IX. mendean jadanik existitzen zen Maria Werd izeneko eliza bat toki honetan. Werd hitzak goi alemanieraz "uhartea" esan nahi du, izan ere herria aintziraren ertzeko penintsula batean eraikita baitago, 1770 artean uhartea izan zena. Gerora Maria Wörth bilakatu zen eta Wörthersee aintzirari ere izena eman zion.

Esloveniako mugatik gertu dagoenez eslovenierazko izena ere badu, Otok. Otok hitzak ere uhartea esan nahi du.

Geografia

Eskualdeko hiriburua den Klagenfurt hiritik 14 kilometro mendebaldera dago, Wörthersee aintziraren hegoaldeko ertzean. Eremua malkartsua da eta basoz estalita dago. Maria Wörtheko mendi ezagunena Pyramidenkogel (851m) da, eslovenieraz Jedvovca. Karl Baedekerren Ekialdeko Alpeak liburuan (1879) tontorretik dagoen ikuspegia goraipatzen da[2].

Udalerria bi barrutitan banaturik dago, Maria Wörth eta Reifnitz, eta guztira zortzi herrik osatzen dute: Maiernigg, Maria Wörth, Oberdellach, Raunach, Reifnitz, St. Anna, Sekim eta Unterdellach.

Historia

Maria Wörth, Markus Pernharten margolana (1824-1871)

Eslaviarrek bavariarren laguntzarekin abaroak kanporatu zituzten lurralde hauetatik eta haien esku gelditu zen Wörthersee aintziraren inguruko eremua. Carantaniar leinu eslaviarra kokatu zen eskualde honetan eta ordutik aurrera Karintia izena du eskualdeak[3].

Karintiarrak kristautzeko asmoarekin Freisingo apezpikuek misiolariak bidali zituzten IX. mendean zehar. Wörthersee aintziraren ertzeko uharte txiki bateko puntu gorenean Primus eta Felicianus santuen erlikiak lurperatu zituzten eta eliza bat eraiki zuten 830. urtean. Ondorengo urteetan eliza gehiago eraiki ziren inguruan eta 894. urteko agiri batean aipatzen da aurreneko aldiz Maria Werd, "uharteko Andre Maria".

1146 eta 1150 artean Oto I.a Freisingo gotzainak Karintia eskualdeko bigarren kolegiata-monasterioa Maria Wörthen eraiki zuen. 1399an suak eliza eta monasterioa erre zituen eta hurrengo mendean gotiko berantiar estiloan berreraiki ziren. 1598an Jesusen Lagundiak eskuratu zuen kolegiataren ardura.

1770. urtean aintzirari ur irteera berri bat eraiki zitzaion. Horren ondorioz aintziraren ur-maila jeitsi egin zen eta Maria Wörth dagoen uhartea penintsula bihurtu zen[4]. 1773an Jesusen Lagundia desegin zenean Lavanttaleko San Paul abadia beneditarraren esku gelditu zen kolegiata.

Maria Wörth udalerria 1903an eratu zen.

Ekonomia

Maria Wörtheko jarduera ekonomiko nagusia turismoa da. Urtero 300.000 bisitari jasotzen ditu hango paisaia erromantikoak erakarrita, udan bereziki. Primus eta Felicianus kolegiatara erromesaldiak antolatzen dira eta ezkontza argazkietarako Austriako paisaia ikonikoetako bat bihurtu da Maria Wörth.

Demografia

Bevölkerungsentwicklung


Kultura

1900 eta 1907 artean Gustav Mahler musikagileak etxola bat eraiki zuen Maria Wörthen eta han egindako erretiroetan musika lanak konposatu zituen; 4., 5., 6., 7. sinfoniak eta 8. sinfoniaren atal batzuk hain zuzen ere. 1907an alaba hil zitzaion eta Schluderbach-era aldatu zen.

Alma Mahler emaztearen laguna zen Alban Berg musikagileak ere erabiliko zuen etxola musika konposatzeko. Mahlerren etxola elitezko artista vienarrentzat leku garrantzitsua bihurtu zen[5]. Gaur egun Mahlerren etxola museoa da[6].

Ondasun nabarmenak

  • Primus eta Felicianus kolegiata
  • Neguko eliza
  • Reifnitz gaztelua (“Klein Miramar”)
  • Schwarzenfels etxaldea
  • Pyramidenkogel mendia
  • Gustav Mahlerren etxola

Iruditegia

Herri senidetuak

1990ean harremana sortu zen Maria Wörth eta Gipuzkoako Aretxabaleta herriaren artean[7]. Senidetzeko proposamena aurkeztu bazen ere Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez zuten oniritzirik eman[8]. Herri bien arteko harremana hainbat urtez luzatu zen.

Erreferentziak

  1. «Maria Wörth» www.visitcarinthia.at (kontsulta data: 2022-06-05).
  2. Karl Baedeker (Firm). (1879). The eastern Alps : including the Bavarian highlands, the Tyrol, Salzkammergut, Styria, and Carinthia : handbook for travellers. Leipzig : Karl Baedeker ; London : Dulau and Co. ... (kontsulta data: 2022-06-05).
  3. (Ingelesez) «The history» Gemeinde Maria Wörth (kontsulta data: 2022-06-04).
  4. «Wörthersee Geschichte» www.jumpprojects.at (kontsulta data: 2022-06-04).
  5. (Ingelesez) Sadie, Julie Anne; Sadie, Stanley. (2005-07-10). Calling on the Composer: A Guide to European Composer Houses and Museums. Yale University Press ISBN 978-0-300-10750-0. (kontsulta data: 2022-06-05).
  6. «Internationale Gustav Mahler Gesellschaft» gustav-mahler.org (kontsulta data: 2022-06-05).
  7. «Sister cities of Maria Wörth — sistercity.info» en.sistercity.info (kontsulta data: 2022-06-05).
  8. «Pedro Mendieta: "Oraingoa baino krisi latzagoa bizi izan genuen eta enplegua sortzea zen alkatearen ardura handiena" - Aretxabaleta» Goiena.eus (kontsulta data: 2022-06-04).
  9. a b «Sister cities of Maria Wörth — sistercity.info» en.sistercity.info (kontsulta data: 2022-06-04).

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.