Maria Grazia Cutuli (Catania, Sizilia, Italia, 1962ko urriaren 26a – Afganistan, 2001eko azaroaren 19a) italiar kazetaria izan zen eta Corriere della Sera egunkarian lan egin zuen erreportari. 2001eko irailaren 11ko atentatu terroristen ostean AEBk egindako inbasio militarraren berri ematen ari zela hil zuten, Afganistanen. Jalalabad eta Kabul herrien artean hil zuten, beste hiru kazetarirekin batera.[1][2] Afganistango gerran hildako lehen emakume eta lehen kazetari italiarra izan zen Cutuli.[3]
Bizitza
Cutuli Sizilia uharteko Catania herrian jaio eta hazi zen, baina geroago Milanen bizi izan zen kazetari profesional lanean.[3][4] Filosofia ikasi zuen eta Cataniako Unibertsitatean lizentziatu zen.[4] 1990ean Milanen finkatu zuen bizilekua.[4]
Kazetari ibilbidea
Hamaika urte baino gehiago eman zituen kazetari lanetan.[4] Lehenik, La Sicilia egunkarirako lan egin zuen, hasieran antzerki kritikak idatzita, eta baita tokiko albistegietan ere. Besteak beste, Época eta Panorama aldizkarietarako idatzi zuen. Israelera, Kanbodiara, Sudanera, Ruandara eta Hegoafrikara bidaiatu zuen, eta freelance edo langile autonomo izanda artikuluak idatzi zituen atzerrian berriemaile zituen kredentzialak sendotzeko.[4][5] 1997an, Corriere della Sera egunkarirako lan egin zuen.[5][6] Afganistanen hil ostean, Corriere della Serak «berriemaile berezi» mailara igo zuen.[3]
El Mundo egunkariko Julio Fuentes Espainiako gerra berriemailearekin, eta Reuters agentziarako lan egiten zuten Harry Burton australiarrarekin eta Azizullah Haidari afganiarrarekin batera hil zuten Cutuli.[1] Kabuletik 90 bat kilometrora hil zituzten, Sarubitik gertu, Nangarjar probintzian, 2001eko azaroaren 19an, taldea Jalalabadetik eta Kabulerako bidean zihoanean.[6][7][8] Autopsiak baieztatu zuenez, bala batek eragindako lau zauri zituen bizkarrean, eta hiltzaileak bitxiak gordetzeko belarri-gingila moztu zion.[5]
Kazetari talde bat Jalalabadeko zortzi bat automobileko konboi txiki batean irten eta Kabulera bidean zihoan. Konboiaren lehen autoak zubi batetik gertu atxilotu zituzten gizon armatuek, paxtun hitz egiten ari ziren, eta euren burua taliban identifikatu zuten. Harriak jaurti eta tirokatu ostean, atzeguardiako lau autoek buelta erdia eman eta Jalalabadera ihes egin zuten bueltan.[9] Hil baino lehen, Cutili bortxatu egin zuen Reza Khanek; gero, hilketarengatik zigortua izan zen.[10]
Hil zen egun berean, Corriere della Sera-n argitaratu zuten azken artikulua, «Un depósito de gas nervioso en la base de Osama (Nerbio-gas biltegi bat Osamako basean)» izenekoa.[11] Artikulu hori aurretik argitaratutakoa zen, gerra sasoian mehatxua zen produktu kimikoen fabrika baten aurkikuntzaren berri ematen zuen.[5]
Prozedura judizialak
Reza Khanek adierazi zuen talibanek kazetariak hiltzeko agindua eman zutela.[10] Sasoi hartako beste iturri independente batzuek talibanak inplikatu zituzten.[12]
2004an, Reza Khan zigortu zuten Kabulen hilketengatik, bortxaketarengatik, baita Afganistango herritarren aurkako beste delitu batzuengatik ere. 2004ko azaroan, Heriotza zigorra ezarri zioten.[10] Afganistango bi anaia ere inplikatu eta zigortu zituzten 2005ean beste kazetariak hiltzeagatik.[13] Khan 2007ko urrian hil zuten tiroz, beste 14 pertsonarekin batera, horien artean bere kideen hiltzaileak.[8]
Testuingurua
Kazetari taldea talibanak erori eta astebetera hil zuten, beste kazetari batzuk ere erasoen jomuga ziren sasoi horretan.[12][14]
Eragina
Cutuli hil ondoren, heroi bihurtu zen Italian.[1] Santa Agata katedralean, Sizilian, egin zioten hiletara 5.000 pertsona inguru joan ziren.[5][15] 2008ko martxoan Cutuli Onlus Fundazioa sortu zen Catanian, bere jaioterrian.[6] Etorkinentzako eskola bat ere sortu zuten haren jaioterrian.[3]Italian kazetaritza sari nazional bat sortu zuten, Cutuli izena duena.[16]
Erreakzioak
Cutuliren hilketari erantzun ziotenen artean, Carlo Azeglio Ciampi Italiako presidentea eta Silvio Berlusconi lehen ministroa zeuden.[1]
Sariak eta aintzatespenak
- 2008ko martxoan Cutuli Onlus Fundazioa sortu zen Catanian, bere jaioterrian.[6]
- Etorkinentzako eskola bat ere sortu zuten haren jaioterrian.[3]
- Italian kazetaritza sari nazional bat sortu zuten, Cutuli izena duena.
Erreferentziak
Kanpo estekak