Mari Domingieuskalabesti tradizional batean ageri den emakumea da. 1990eko hamarkadatik aurrera, Euskal Herriko eguberrietako hainbat ekitalditan, Olentzeroren gizonezko pertsonaiaren alboko emakumezko irudi bilakatu izan da.
Mari Domingiz[1] ere idatzi izan da.
Abestia
Mari Domingi abestiaren hitzak Resurreccion Maria Azkuek jaso zituen lehen aldiz XX. mendearen hasieran. 1970eko hamarkadan berriz, Viejas canciones donostiarras liburuan agertu zen abestia, Olentzeroren abestiaren ondoan, bien artean harreman zuzenik izan gabe.
Honako hauek dira kantuaren hitzak:
«
Horra Mari Domingi
begira horri
gurekin nahi duela Belena etorri.
Gurekin nahi badezu
Belena etorri
atera beharko dezu
gona zahar hori.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori,
Haurtxo eder hori.
Irrintzi eta poza,
algararekin
hori behar dinagu
guk elkarrekin.
Pozez adora (de)zagun
Jesus haur ona
berak ekar d(i)ezagun
gaur zoriona.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori
Haurtxo eder hori.
»
Olentzeroren ondoko pertsonaia
Olentzerorekin lotuta agertu zen Mari Domingi lehen aldiz Donostian 1990eko hamarkadan. Bertako Bagera ElkartearenAntigua auzoko adarrak sustatu zuen ekimena, beste herri batean (Lasarte-Orian), Olentzerorentzako gutunak biltzeko pertsonaia bat sortu zutelakoan (Xixuko izenekoa), ikastetxeetan ibiltzen zena gutunak jasotzen haurrengandik, oporren aurreko egunetan. Antiguan ere antzeko zerbait egin zitekeelakoan, Mari Domingi bilakatu zuten 1994an gutun-biltzailea, baina "genero aldetik halako gogoeta bat egin gabe", ekimenaren sustatzaile batek, Josi Oiarbide irakasleak 2015ean kontatu zuen gisan.[2]
Ondoren, Ikastolen Elkarteak, Antiguako irakasle eta guraso hauek sustatuta, ipuin-liburuxka kaleratu zuen, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak lotzen zituena. Irudia Edorta Murua marrazkilariak eman zion Mari Domingiri, eta ipuinaren testua Mitxel Muruak idatzi zuen.[2]
Olentzeroren pertsonaiaren alboko laguntzaile izatetik, Mari Domingiri lehenaren emazte edo neska-lagunaren rolean sartu dute hainbat ekitalditan.[3][4] Hainbatek kritikatu egin du emakumeari bigarren mailako rola ematearren tradizioa horrela aldatzea.[5][6][7][1][8]