Mari Carmen Madariaga, Arratia eskualdeko Igorre herrian jaio zen. Urkuzu auzoko Saldarri baserrian. Eibarko pilota eskolan ikasi zuen.
Lehen urratsak
Sasoi hartan Euskal Herrian erraketista asko sortu ziren, pilotarako zaletasun handia baitzegoen. Eta horietako asko Eibarko frontoietan ikasitakoak ziren. Astelena frontoian hasi zen Mari Carmen ere pilotan zaletzen eta ikasten. Eibar beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Emakumeek askatasun gehiago zuten, nahiz eta, batzuek begi onez ikusi ez kirol hau. Mugimendu handiko frontoia zeukan. Hiru pilota eskola sortu zituzten, eta pilotarien harrobia bihurtu zen Eibar.[2]
Erraketista ibilbidea
Harrobi hartako Mari Carmen erraketista profesionala izatera heldu zen. 1942. urtekoa da familiak gordetzen duen Federazioko inskripzio fitxa.Beste emakume erraketista askok bezala, Euskal Herritik kanpo jokatu zuen, hemen ez baitzegoen ondo ikusita emakumeak frontoian aritzea. Batez ere, Katalunia eta Madrilgo frontoietan jardun zuen. Protektoratura jokatzen joateko eskaintza ere izan zuen, baina bertan behera utzi zuen aukera.
Mari Carmenek erraketista jardun zuen garaian, hain zuen 1943. urteko estatistika baten arabera, jokamolde guztiak kontuan hartuta (eskua, pala, erremontea,zesta...) 1.432 pilotari profesional zeuden eta horietatik erdia baino gehiago, 734 zehazki emakume erraketistak ziren. 1947. urteko beste datu baten arabera, urte hartan 737 erraketista profesional zebiltzan kantxetan.
Estatuan Madril eta Bartzelona izan ziren erraketaren gune indartsuenak. Espainiar Estatuan 37 frontoi izatera iritsi ziren eta bakoitzean 30-40 erraketista aritzen ziren. Egunero jokatzen zituzten partidak, punta-puntan ez zebiltzanek arratsaldez eta gauez, eta, onenek, gauez bakarrik. Horrek esan nahi du egunero betetzen zirela frontoiak.[3]
Erraketari agur
1949. urtean, zazpi urtez profesional gisa jardun ondoren, ezkondu eta erraketista izateari utzi egin zion.
Omenaldiak
Emakumezkoen kirol profesionalean aitzindariak izan ziren erraketistak, historiak ahaztu egin dituen arren. Halere, azken urteotan merezitako hainbat omenaldi jaso dituzte.[4]
Bilboko La Esperanza frontoian 2013an ahaztutako erraketistei egindako omenaldian, aitzindarien zerrenda agertu zen.[5]
Artean (Arratia), emakume erraketisten inguruko erakusketan, Mari Carmeni buruzko panela jarri zen 2018an.[6]