María Joaquina de la Portilla Torres, ezagunagoa Maria Grever izenez (León, Guanajuato, Mexiko, 1885ekoirailaren 14a – New York, AEB, 1951koabenduaren 15a), musikagilea izan zen, besteak beste, kontzertu-musika, filmetarako musika eta 800 kanta herrikoitik gora osatu zituena, gehienak boleroak. Gizonezkoentzat baino ez ziren eremuetan nabarmendu zen, ezarritako arauak hautsiz. Nazioartean ezagun egin zen lehen emakumezko konpositore mexikarra izan zen.
Biografia
Gurasoak Julia Torres mexikarra eta Sevillan jaiotako Francisco de la Portilla espainiarra izan ziren. Sei urte zituela, familiarekin joan zen aitaren jaioterrira.[1]Europan bizi zela, Claude Debussyren eta Franz Leháren musika eskolak jaso zituen, besteak beste.[2] León Augusto Grever ezagutu zuen Mexiko Hirian 1906an, urtebete geroago ezkondu egin ziren eta Mariak senarraren abizena hartu zuen bere izen artistikorako.[3]
1920ko hamarkadaren hasieran kantuan aritu zen eta Estatu Batuetan bi disko grabatu zituen; Paramount eta 20th Century Fox-ekin ere aritu zen lanean, hainbat film musikalizatzeko. Garai hartan hasi zen abestiak konposatzen, baina lehen arrakasta handia José Mojica tenore mexikarrak bere «Jurame» kanta grabatu zuenean lortu zuen; hala, lehen interpretea izan zen.[1][2]
Bere bizitzan zehar, ehunka abestiren hitzak eta musika konposatu zituen, ingelesez eta gaztelaniaz grabatuak, eta Latinoamerikan eta Europan zehar birak egin zituen.
Ezarritako arauak hausten
Maria Greverrek bere garaiko emakumeentzat ezarritako arauak hautsi zituen, gizonezkoentzat bakarrik ziren eremuetan nabarmendu baitzen. Enpresaburua, orkestra-zuzendaria, artisten ordezkaria eta nazioartean ezagun egin zen lehen konpositore mexikarra izan zen.
Heriotza
1951ko abenduaren 15ean hil zen New Yorken. Bere eskariz, bere gorpuzkiak Mexiko Hirira eraman zituzten eta Panteoi Espainiarrean hilobiratu zuten.
Aintzatespenak
1949an Mexikon egindako bira batean hainbat aintzatespen jaso zituen: Mexikoko Hiriaren Giltzak, Meritu Zibikoaren Domina eta Mexikoko Bihotzaren Domina.[3]
1952an, hil ondoren, Ameriketako Emakumeen Batasunak «Emakume amerikar» izendatu zuen .
Libertad Lamarcek María Greverren papera interpretatu zuen «Cuando me vaya» (1953) filmean, Tito Davison txiletarrak zuzendutako film biografikoan.[1]
Bartzelonan, Espainian, musika-eskola batek Maria Grever izena du, eta Leonen, Guanajuaton, estatua bat eraiki zuten konpositorearen omenez, eta antzoki bat ere izendatu zuten haren omenez.[3]