Luciobarbus bocagei

Luciobarbus bocagei
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaCypriniformes
FamiliaCyprinidae
GeneroaBarbus
Espeziea Luciobarbus bocagei
(Steindachner, 1864)[1]
Banaketa mapa

Luciobarbus bocagei Luciobarbus generoko animalia da. Arrainen barruko Actinopterygii klasean sailkatzen da, Cyprinidae familian.

Deskribapena

Barboak arrain nahiko ezagunak dira herri mailan. Bere figura liraina da, fusiformea; bizkarreko profilak kurba erregularra osatzen du. Ahoa infera eta protaktila, bi ezpain mamitsu eta zurixkak itxita dago; ukimenezko lau barboz hornitua dago, bi goiko ezpainaren alboetatik sortuak eta beste biak aho ertzetatik.

Bizkarrean hegatz bakarra du, bere lehen erradio luzea beheko erdian osifikatua dago eta atzeko ertzean zertxobait koskaduna.

Arre-oliba antzeko kolorea du bizkarrean eta argitzen joaten da hegaletara, eta horixka edo zuria sabelean.[2]

Biologia eta ohiturak

Barboek ur biziak nahi izaten dituzte bizitzeko. Gazteenek sakonera txikiko ur tarteak nahi izaten dituzte, korronte indartsuagoak, zaharragoek, handiagoak, berriz, ur sakonagoetan eta ur lasaiagoetan finkatzen dira.

Espezie honek talde txikitan bizitzera eramaten duen nolabaiteko izaera gregarioa du, nahiz eta ez den ohikoa loinak bezalako sarda handiak osatzen ikustea. Ur putzuetan taldeka elkartu ohi dira ertzetako kobazuloetan eta uretan sortzen diren sustrai eta adar artean.

Arrain orojale gisa, barbo arruntaren dieta oso anitza da. Beren aho protraktilarekin uretako animalia ugari harrapatzen dituzte, normalean ibaiaren hondoan, larba bentonikoetatik hasi eta arrain txikietaraino, krustazeoak eta arrak barne; landare hondarrak, algak eta mikroorganismo plaktonikoak ere balio dute haien elikagai gisa. Normala da dipteroen larbak harrapatzeko ur azalera altxatzen ikustea eta baita uretatik kanpo agertzea arrautzak jartzen dituzten uretako euliak harrapatzeko.

Espeziearen ugalketa udaberriaren amaieran gertatzen da, ugaltze-garaia iristean, barboek mugimendu txikiak egiten dituzte, oro har ibaian gora, korronte moderatua, sakonera txikiko urak eta hartxintxar edo hondo harritsuen bila, non kume lekuak aukeratzen dituzten,.

Emeak jartzen dituen arrautzak itsaskorrak dira eta hondora erortzen direnean harriei atxikitzen zaizkie. Helduak, arrautzak jarri ondoren, ibaian behera itzultzen dira ohiko lekuetara eta ohikoa da kume-lekuan arrainkumeak soilik eta ale heldurik ez aurkitzea; hori ikusi dugu, adibidez, Barrundia ibaian, Axpuru ondoan, non abuztuan urteko gazteak baino ez ziren, Hermuan eta Ozetan helduak agertzen ziren bitartean.

Banaketa habitata eta egoera

Barbus bocagei iberiar penintsulako espezie endemikoa da. Bere banaketa eremua Pirinioen hegoaldetik Guadalquivir arroraino hedatzen da.

Euskal Herrian bi isurialde hidrografikoetako ibaietan bizi da, nahiz eta gaur egun Ebro arroko ibaietan ohikoagoa den.

Kantauri isurialdean berez falta da, ipar-ekialdeko muturrean, Bidasoako arroan, eta ez da aurkitu Oiartzun eta Urumea arroetan. Ipar-mendebaldeko ibaietan, Mercadillo, Agüera eta Karrantza arroan ez da kokatu espezie hau. Gainerakoetan, arro guztietan dago, nahiz eta, ibai askotan dagoen kutsadura kontuan hartuta, bere presentzia arraroa den. Gaur egun Kadagua, Herrerias, Nerbioi, Oca, Artibai, Urola eta Oria ibai arroetan dago.

Mediterraneoko ibaietan, barboa ohikoa da arro hidrografiko guztietan.

Dagoeneko gure ibaien erdialdean barboak aurki daitezkeen arren, espeziea bere optimora beheko ibilguetan iristen da, non espezie ugariena dela.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) FishBase
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A. ISBN:, 84 or. ISBN 84-7542-639-5..

Ikus, gainera

Kanpo estekak