Lucio Bergara Matxikote (Arantza, 1892ko uztailaren 6a – Legazpi, 1978ko abuztuaren 4a) ebanista eta argazkilari afizionatua izan zen[1].
Bizitza
Donostiako Arte eta Ofizioen Eskolan ikasi ondoren, jaioterrra itzuli zen aitaren aroztegi-tailerrean lan egiteko[1]. 1920ko maiatzaren 27an Felicitas Oñatibia maistra urretxuarrarekin ezkondu zen, eta 1930eko martxoaren 7an senar-emazteak Legazpira joan ziren. Han Felicitasek irakasten jarraitu zuen eta Luciok Patrizio Etxeberriaren lantegian lan egin zuen[2][1]. 1963 ingurura arte udaletxeko eraikinean bizi izan ziren, eta gero Gurrutxaga tabernaren gainean eskuratu zuten apartamentuan[3].
1926an, Lucio Bergara Arantzako zinegotzia izan zen, eta 1937an Legazpiko bake-epailea[1][2].
Argazki-teknika Arantzan ikasi zuen beste argazkilari afizionatu baten (baliteke Jadraque meatze ingeniariaren) eskutik. Kamera bat erosi ondoren, herriko bizitzaren eta egiten zituen altzarien argazkiak egiten hasi zen. Argazkilari profesionala ez izanik, argazki ugari atera zituen Arantzan eta Legazpin XX. mendearen lehen erdialdean[3]: erretratuak, talde-argazkiak eta herriko ekitaldiak (hala nola jaiak, prozesioak eta jaunartzeak)[1][2]. Hasieratik argazki-kronista moduko bat izateko interesa piztu zitzaion, eta bereziak zirela zekien momentuak bitzen hasi zen[3]. Senideen esanetan, eszenaren konposizioa asko zaintzen zuen. Argazki gehienak 13x18 cm, 9x13 cm eta 6x9 cm neurrietako gelatina-bromurodun beirazko plakak erabiliz atera zituen[1][2].
Bost seme-alaba izan zituen: Jesus Maria, Maria Josefa, Bernardo, Maria Pilar eta Juana Maria[2][3]. 1978ko abuztuaren 4an hil zen, 86 urte zituela[1][3].
Atera zituen 1.035 argazki argitaragabe Maria Bergara Bergara bere ilobak gorde zituen. 2016an, Ángel Murua Iñurritegi eta Maria Rosario Alustiza Bergara senar-emazteek material hori berreskuratzeko baimena lortu zuten, argazkiak Legazpira eraman, garbitu, sailkatu eta eskaneatu zituzten, eta 2023an Nafarroako Artxibo Nagusiari eman zizkioten[1][2]. Urte berean, María Josefa eta Juana Maria Bergara Oñatibia bere alabek beste 703 argazki Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zizkioten[4].
Erreferentziak
Kanpo estekak