Lord Ruthven fikziozko pertsonaia da, literaturan sortutako lehen banpiro modernotzat hartzen dena.[1]
Sorrera
1819an agertu zen lehen aldiz prentsan, John William Polidorik idatzitako "The Vampyre" ipuinean. "Ruthven" izena Caroline Lamb-en "Glenarvon" idazlanetik hartu zuen (Lamb Lord Byron-en maitale ohia zen, eta Ruthven pertsonaia bere parodia egiteko baliatu zuen);[2] pertsonaiaren karakterizazioa, berriz, Byron-en "Fragment of a Novel" idazlaneko Augustus Darvell pertsonaiean oinarritu zen.[3]
Polidorik "The Vampyre" 1816ean idatzi zuen, eta 1819ko argitalpena bere baimenik gabe egin zen. "The Vampyre"k ospe handia lortu zuen, besteak beste editoreek, gehiago saltzeko, Lord Byronek idatzia zela zabaldu zutelako. Polidorik eta Byronek berak hori ukatu bazuten ere,[4] atribuzio faltsu hau urte askoan mantendu zen. Lortutako ospeak Ruthvenen pertsonaia beste leku askotan agertzea ekarri zuen: itzulpenak, adaptazioak, antzezlanak, operak, literatura... agerpen hauek gaur egunera arte diraute.
Ondorengo agerraldiak
"Lord Ruthwen ou les Vampires" eleberria Cyprien Bérardek idatzi zuen 1820 urtean, Charles Nodierri faltsuki egotzi zitzaiona.
Nodierrek berak 1820an beste lan bat idatzi zuen, "Le Vampire". Historia honen beste lau bertsio gutxienez ere agertu ziren.
1828an, Heinrich August Marschnerrek eta W. A. Wohlbrückek "Der Vampyr" opera idatzi zuten.
Urte berean, titulu bereko beste opera bat idatzi zuten idatzi zuten Peter Josef von Lindpaintnerrek eta Cäsar Max Heigelek (Der Vampyr, 1828).
Aurrerantzean, Lord Ruthven banpiroa hainbat lekutan "berpiztu" da eten gabe:
- Alexandre Dumasen "Monte Cristoko kondea" eleberrian (1844), Edmond Dantès pertsonaia nagusia deskribatzean Lord Ruthvenen ezaugarriak behin baino gehiagotan egozten zaizkio (Ruthven Lord Byronek sortu zuela aipatuz).
- Victor Rydberg idazlearen "Vampyren" nobelan (1848) Lord Ruthwen agertzen da.
- 1852an, Dion Boucicaultek "The Vampire: a Phantasm" lanean berpiztu zuen Lord Ruthwen. Antzezlan hau luzaroan taularatuzen.
- 1852an idatzitako lan batean, Alexandre Dumasek berriro erabili zuen pertsonaia.
- "Ruddigore" opera komikoan (Gilbert eta Sullivan, 1887) autoreek "Sir Ruthven Murgatroyd" pertsonaia egin zuten protagonista, bere arbaso gaiztoen eragina jasotzen duena.
- "Drakula" eleberrian (1897), Bram Stoker idazleak Lord Ruthven inspiraziotzat baino gehiago hartu zuen; hain zuzen ere, kritiko batzuek zuzenean plagiotzat hartzen dute Stokerren lan hau.
- Lord Ruthven inspirazio-iturri izan zen "The Vampire's Ghost" filmerako (1945). 1973an komiki-formatura egokitu zen lan hau.
- Nancy Gardenen "Prisoner of Vampires" gazteen eleberrian (1984) Lord Ruthven pertsonaia nagusietako bat da.[5]
- Lord Ruthven "Vampire: The Masquerade" rol-jokoan (1991) agertzen da, Lambach Ruthven izenarekin.
- "Anno Dracula" liburu seriean (Kim Newman, 1991etik aurrera argitaratua) Lord Ruthven da pertsonaietako bat.
- 1995ean, Tom Holland-ek "Lord of the Dead" nobelan erabili zuen Lord Ruthven pertsonaia.
- "The Legend of Dracula" liburu seriean (Perry Lake, 2016) Ruthven pertsonaietako bat da.
- "Strange Practice" liburu seriean (Vivian Shaw, 2017) Ruthven eta Varney banpiroak dira pertsonaia nagusiak.[6]
- BBCren "Dracula" telesailean (2020) Lord Ruthven pertsonaietako bat da.
Ruthven Supermanen zenbait komikitan ere agertu da, bereziki "Superman: The Man of Steel" #14 eta #42, eta "Superman" #70. Marvel komikietan ere bai: "Vampire Tales" eta "Darkhold". Neil Gaimanen "The Sandman" komikiaren ale batzuetan, Ruthven izeneko bigarren mailako pertsonaia bat agertzen da.
Lord Ruthven Assembly izeneko elkarte bat dago, banpiroen literaturan espezializatutako akademikoz osatua; urtero, Lord Ruthven Award saria ematen dute, fikziozko lanik onena sarituz, baita banpiroei buruzko lan akademikorik onenak ere, kultura eta literatura arloetan.
Erreferentziak
Kanpo estekak