LekuonaErrenterian (Gipuzkoa) dagoen eraikin bat da. 1963an eraiki zenetik hainbat erabilpen izan ditu; 2007 arte okindegia eta 2021etik aurrera kultur etxea eta liburutegia izan da.
Lekuona enpresa lekuz aldatu zenean Errenteriako Udalak erosi zuen eraikina. Hasiera batean fabrika eraistea pentsatu bazen ere, gerora kontserbatzea erabaki zen, Kosten Legeak orubean eraikitzea ez zuelako baimentzen. Horregatik, okindegiaren egitura egokitzea erabaki zen. Udalak liburutegia bertara lekuz aldatzeko proiektu bati ekin zion. Magdalena kaleko lokal txikiago bat hartzen baitzuen, eta gertu dauden Topoko trenbideak bikoizteari ekitean eraitsi behar zelako[2]. Ondoren, garatze proiektuak Dantzagunea-Artelekuren egoitza izatea aurreikusi zuen[3]. Horretarako, fabrikaren orubea deskontaminatu egin behar izan zen[4][5].
Hasierako proiektua aldatu egin zen, bi faktorek bultzatuta: batetik, toki- eta foru-erakundeen osaera politikoa aldatu egin zen, eta, bestetik, Arteleku zentroa suntsitu egin zen, Txomin Eneako uholdeek 2011n izan zuten eraginengatik. Proiektu berriak Dantzagunea, Dantza eta Arte Eszenikoen Fabrika izena hartu zuen. Liburutegi zerbitzua Niessen izandako fabrikaren instalazioetan izatea etorkizunean proiektatuko litzateke. Obrak egiten hasi zen Construcciones Amenabar eraikitzailea. Azkenik, 2017an, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin finantziazio eta proiektuaren gaineko desadostasunak bideratu ondoren (tartean, hirigintzako gaiak, eraikuntza-bolumena handitzea eta Kostaldeei buruzko Legearen eragina), Lekuona Fabrika kultur proiektua garatzeari ekin zitzaion[6]. Proiektu berriak kultur sorkuntzarako espazioak, udal liburutegi berria eta auditorio bat barnebiltzen zituen. Arkitektura proiektuaren esleipena VAUMM arkitektura estudioak lortu zuen.
Lekuona berriak 2021eko maiatzean ireki zituen bere ateak kultura fabrika gisa. Kultura ardatz hartuta herritarrentzako bilgune eta topalekua da, non herritarrei, banaka zein kolektiboki, hainbat aukera ematen dien: kultura bizi eta esperimentatu, arte eszenikoen sorkuntza prozesuak lehen pertsonan partekatu, hiri laborategietan parte hartu, ezagutzak trukatu edo elkarrekin ikasi[7].
Kokapena
Errenteriako Olibet-Ugarritza auzoko Urantzu kalean zegoen kokatua, Oiartzun ibaiaren alboan. Egun, kale zati horrek Ugarritza etorbidea du izena.