Last Train from Gun Hill (euskaraz: «Gun Hilleko azken trena») 1959eko western filma da, John Sturges estatubatuar zinemagileak zuzendu zuena. James Poek idatzi zuen gidoia, Les Crutchfielden kontakizun batean oinarriturik. High Noon (Fred Zinnemann, 1952), 3:10 to Yuma (Delmer Daves, 1957) eta Sturgesek berak zuzendutako Bad Day at Black Rock (1955) filmen elementuak biltzen ditu.
Kirk Douglas, Anthony Quinn, Carolyn Jones eta Earl Holliman izan ziren antzezle nagusiak. Douglas eta Holliman lehenago ere arituak ziren Sturgesekin, 1957ko Gunfight at the OK Corral filmean zehazki.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Katherine (Ziva Rodann) indiar emakumeak eta haren semeak egun batzuk igaro dituzte familiarekin. Itzulera bidean cowboy batzuek jazarriko dituzte. Emakumeak aurre eginen die, eta erasotzaileetako bat aurpegian zaurituko du zartailuarekin. Azkenik, semeak ihes egitea lortuko du, baina amak ez.
Katherine Matt Morganen (Kirk Douglas), Pawneeko sheriffaren emaztea zen. Semeak erasoaren berri ematen diolarik gertalekura joanda, andrea bortxaturik eta hilik atzemanen du Mattek. Gaizkileetako baten zela ere aurkituko du, C.B. hizkiak dituena. Haren jabea Craig Belden (Anthony Quinn) da, iraganean Matten adiskide mina eta behin bizia salbatu ziona.
Morgan Gun Hillera joanen da, Beldenen bizilekura, bere emaztearen hiltzaileak nor izan ziren ikertzera. Belden Gun Hilleko jauntxoa dela ikusiko du, herria kontrolpean duena, eta Katherinen hiltzaileetako bat haren semea dela. Morganek hiltzaileak atxilotu eta justiziaren aurrera eraman nahiko ditu eta, herri osoa aurka jarriko zaion arren, Rick Belden (Earl Holliman) atzematea lortuko du. Baina herritik aterako den hurrengo trena iritsi arte sei orduz itxaron beharko du, eta Craig Belden morroien erasoei aurre egin beharko die.
Aktoreak
Kanpo estekak