Juanita Gorroño Ibarruriko Astei baserrian jaio zen. Oso gazte zela ikasi zuen dantzan eta panderoa jotzen. Dantza soltean txapelketa ugari irabazi zuen, gehienetan Basilio Undagoitia, Basilio Txiki, bikote zuela. Serafin Aranzeta Oromiño eta beste zenbait trikitilarirekin ibili zen gaztetan erromeriz erromeri panderoa jotzen eta irrintziak botatzen.
Ezkondu ondoren Zornotzako Santa Luzia auzoan jarri zen bizitzen eta zenbait urtez erretiratuta egon zen. 70eko hamarkadaren erditik aurrera ostera, berriro ere erromeriz erromeri ibili zen, Serafin Aranzeta Oromiño, Basilio Undagoitia Basilio Txiki edota Eduardo Egiarte eta Felisa Arribaltzagarekin.[1]
Parte hartu zuen eta jasota geratu den saio bat aipatzearren, 1975eko maiatzaren 4an, Zeberion ospatu zen Albokari Eguna edo “Euskal Erriko Albokarien Laugarren Agerpena” (kartelaren izena). Orduko hartan Juanita Gorroñok bere panderoa astinduz parte hartu zuen, Kepa Urraza albokariaren bikote .Bertan izan ziren Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga; “Txilibrin” eta Gillermo Etxebarria; Alberto Zabala eta Eduardo Egiarte ere.[2]
Juanita Gorroño irrintzilari agertzen da, Felisa Arribaltzagarekin batera, Pedro Oleak 1984an egin zuen Akelarre filmean.[3]
Omenaldiak
1986. urteko urriaren 5ean omenaldia jaso zuen Iurretan.[4]