Juan Manuel Larburu 1912koabuztuaren 20an jaio zen, Hernaniko Berakorte baserrian, Antziola auzoan.[1][2] Ez dago xehetasun handirik gurasoen jatorriaz, baina jakina da zazpi senidetan zaharrena zela bera.[3]
Han zegoela, konpainia bereko hernaniar faxista batek salaketa egin zuen Larbururen aurka, Errepublikaren aldekoa zela esanez. Egoera hartan, salaketa arriskutsua zen; izan ere, Larburuk gogoan izango zuen beraren lehengusu Juan Jose Elustondo,[5]Urnietako Eula baserriko[6] semea, fusilatu egin zutela, Andoainen, 1936ko irailaren 13an, gisa bereko salaketa baten ondorioz.
Frankistek Katalunia guztiz mendean hartu zutenean, 1939ko otsailaren 10ean,[7] Ipar Euskal Herrian gelditzea erabaki zuen Juan Larburuk, desertore baitzen frankistek ezarritako agintaritzaren aurrean. Dirudienez, Ameriketara joateko burutazioak izan zituen, Migel Lizeagak egin zuen gisan,[4] baina, zenbait baserritan lanean ibili ondoren, Urruñako Bidegain Berri[8] baserrian gelditu zen morroi.
Comète sarea eratu zenean, 1941ean, Urruñako baserri bat erabiltzen zuen sareak, naziek okupatutako lurraldeetan eraitsitako hegazkinen pilotuak Espainiako mugatik pasarazteko, Gibraltarreko bidean. Alabaina, kontrabandista batek 1942an izandako istripu batengatik, beste babesgune bat bilatu behar izan zuen sareak.[10]
Horrela, 1942tik aurrera, muga pasa aurreko azken geldiunea Frantxia Haltzueten baserrian, Bidegain Berrin egiten zuen Comète sareak. Ziurrenik, Juan Larburuk egingo zuen sarearekiko lotura, beraren arreba bat Florentino Goikoetxea Comèteko mugalariaren anaiarekin ezkonduta baitzegoen.[11]
Handik aitzina, Larburu laguntzaile izan zen, mugalari gisa, Comète sarearen pasatze askotan. Izan ere, mendi bideetan barrena asko ibilia zen, besteak beste, urte haietan ezkutuan joana baitzen, behin baino gehiagotan, Hernaniraino, gurasoak ikustera.[3]
Atxilotzea
Andrée de Jongh «Dédée» eta Jean-François Nothomb «Franco», Comète sareko buruak, Pariseko Austerlitzeko geltokitik abiatu ziren trenez, 1943eko urtarrilaren 13an, Donibane Lohizune aldera, britainiar hiru hegazkin piloturekin.[oh 3] Antolatua zuten urtarrilaren 14an muga pasatzea, Bidegain Berri baserrian aurreko gaua eginda. Donibanetik baserrirainoko bidea egiteko, Dédéek eta hiru pilotuek euskal errefuxiatu batzuk izan zituzten laguntzaile: Maritxu Anatol,[12][13]Anbrosio San Vicente[14] eta Alejandro Elizalde.[15]
Eguraldi euritsua zen, baina, urtarrilaren 14 hartan, Florentino Goikoetxea muga pasatzen lagundu behar zien gidaria Bidegain Berri baserrira hurbildu zenean; hurrengo egunerako utzi zuten.
Urtarrilaren 15ako ilunabarrean, gaueko bidea prestatzen ari zirela, Gestapok baserria inguratu eta preso hartu zituzten Dédée, hiru pilotuak, Frantxia Haltzuet eta Juan Larburu.[16][17]
Bi lekuko horiek 1960an emandako aitorpen batean azaldu zuten Larburu Flossenbürgen ikusi zuten azken aldiz osasuna guztiz galdua zuela:
«
...egoera benetan tamalgarrian zegoen, oinez ibiltzeko ere indarrik ez zuela, eta gauza ez zela ematen ziguten apurra jateko... haren egoera hain zen desesperatzeko modukoa, ezen jan ere ezin baitzuen egin.[19]
»
—Anbrosio San Vicente, Martin Hurtado Saratxo
Beste horrenbeste adierazi zuen Santiago Anabitarte[20]altzatarrak, Larbururekin batera Compiègnen eta Bucehnwalden egondakoak. Azken esparru horretara iristerako, Juan Larburu honela aurkitu zuen:
«
...erabat nahastuta eta leher egina, ez zuen jaten, eta arrazoitzeko gauza ere ez zen, hain nekatua egonda nekez ulertzen baitzitzaion esaten zuena.[19]
»
—Santiago Anabitarte
Heriotza agirian «bihotz gutxiegitasun» bat aipatzen den arren,[21] bistan da gosea, behartutako lanak eta bizi baldintza latzak izan zirela Juan Larbururen heriotza eragin zutenak, 1944koapirilaren 5ean, Flossenbürgera iritsi eta hilabete batera.[19][oh 6]
Juan Larbururen izena ez zen agertzen Urruñako San Bixintxo elizaren alboan dagoen monumentuan, gerlatan hildako herritarren oroigarrian.[24]Les amis du réseau Comète[25] elkartearen eskariz ipini zuten haren izena, beste hirurenarekin batera, monumentuaren oinean ezarritako hilarri batean, «deportés internés patriotes» izenburupean.[26]
Hernanin
Hernaniko Udalak 2005eko irailaren 26an egindako ez-ohiko bilkura batean adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, «nazismoaren aurka soldadu aliatuei laguntza emandako hernaniarren oroimena ohoratu eta aitorpena egiteko». Tomas Anabitarte, Florentino Goikoetxea, Juan Larburu eta Martin Errazkin gogoratu zituzten, Comète sarean pilotu aliatuei emandako laguntzagatik.[27] Erabaki horren karietara, zenbait ekitaldi antolatu zituen Bigarren Mundu Gerran nazismoaren aurkako borrokan parte hartu zuten hernaniarren gorazarretan eta Osinaga auzoan oroigarri bat ezarri zuen.[28][29]
2016ko maiatzaren 8an, La Ilusión elkarte memorialistikoak[30] antolatuta, ekitaldi bat egin zen Hernanin, Juan Larbururen eta Marcelo Vazquez hernaniarren oroimenez. Ekitaldiaren barruan, plaka oroigarri bat ezarri zuten Larbururen jaiotetxe Berakorte[1] baserrian.[31]
Oharrak
↑Frankistek mendean hartzen zituzten herrietan, ihes egin gabeko mutil gazte guztiak behartzen zituzten armadara sartzera. Ikus, gai honetaz James Matthews (2103) Soldados a la fuerza. Madril, Alianza editorial. ISBN 978-8420675909.
↑Philippe Usandizagarekin ezkondu zen Farntxia Haltzuet ,1930ean; bederatzi urteren buruan, alargun gelditu zen hiru seme-alabarekin. Deportatutako euskal herritarren zerrenda askotan Frantxia Usandizaga gisara agertzen da, senarraren abizena hartuta.
↑Royallieuko esparrua 1941eko ekainetik 1944ko abuztura bitarte erabili zuten naziek. 54.000 inguru preso bidali zituzten bertatik Mauthausen, Ravensbrück, Buchenwald edo Neuengammeko esparruetara. Horien arteko bat izan zen Anjel Lekuona. Ikus Camp de Royallieu.
↑(Frantsesez)«Historique du camp | Flossenbürg»Flossenbürg | Association des déportés et familles de disparus du camp de concentration de Flossenbürg & Kommandos 2020-02-03 (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (1997) «La red "Comète" en el País Vasco» in Oihenart, 14. zk., 121-131 or. Eusko Ikaskuntza. ISSN 1137-4454.
Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2006) Askatasunaren bidea. Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan Bigarren Mundu Gerran. Hernani, Udal Artxiboa. ISBN 978-84-934193-3-8.