Johann Jongkind (Lattrop, Overijssel, 1819ko ekainaren 3a - Saint-Égrève, 1891ko otsailaren 9a) Herbehereetako margolaria eta grabatzailea izan zen. Haren paisaia txiki informalek holandar paisaia-pintoreen tradizioari jarraitzen diote. Inpresionismoaren aitzindari izan zen Herbehereetan. Berak hedatu zuen Holandako margolariek bereizgarri duten argiaren trataera bitxia.
Biografia
Hagan hasi zen paisaia-margolaritza lantzen. 1846an Parisa joan zen, eta generoko margolariekin jardun zen han lanean. Parte hartu zuen 1848ko Erakusketan, eta baita 1852koan ere. Azken horretan domina bat eman zioten. Jongkinden lanak Camille Corot eta Charles-François Daubignyren koadroekin batera jarri zituzten ikusgai, baina Jongkind hurbilago dago giroa bereziki zaintzen zuten XVII. mendeko holandar paisaia-pintoreengandik, bere garai bereko frantses margolariengandik baino. Sena ibaiaren ertzeko eszenak margotzen zituen, Parisko auzo zaharrak, Normandiako itsasertza, eta Holandako ubideak.
1863an, Erakusketa Ofizialean atzera bota zutelarik, Salon des Refusesera (Ukatuen Erakusketara) jo zuen, eta han Claude Monet ezagutu zuen, inpresionismoaren aitzindaria. Monetek asko ikasi zuen Jongkingden eguratsa margotzeko modutik, eta haren argien eta islen efektuen azterketatik. Pissarro eta Sisley margolarien maisua ere izan zen.
1878an Isèren hartu zuen Jongkindek bizilekua, eta hantxe margotu zituen ospea eman dioten paisaiak. Ilargi izpiak agertzen direnak ditu bere lanen artean onenak. Lanik aipagarrienetako batzuk Ilargiaren argia Parisen, Holandako ubidea ilargitan, Harfleurgo kaia eta Havreko oroitza dira.
Grenoble ondoko Saint-Égrèveko eroetxean hil zen, 1891ko otsailaren 9an, alkoholak gaixotuta. La Côte-Saint-Andrén dago lurperaturik.
Iruditegia
|
Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.
|
-
Parisko ikuspegia, Sena, zuresia, 1853,
Musée des Beaux-Arts, Angers.
-
Sainte-Adresse hondartza, 1863, Louvre, Paris.
-
Neverseko kale bat, 1874,
Stedelijk Museum, Amsterdam.
Erreferentziak