Joanen Bigarren Gutuna

Itun Berriko eskuidatzia Joanen Bigarren Gutuneko 1 J 1:1-5 testuarekin (V. edo VI. gizaldian).

Joanen Bigarren Gutuna edo, labur, 2 Joan (2 J) Bibliako Itun Berriko gutun katolikoetako bat da, Joanen hiru gutunetako bigarrena. Gutunak ez dauka igorlerik, baina, bere estilo eta edukia dela-eta, Joan Apostoluak idatzi zuela uste ohi da. Gutuna koinez idatzia dago.

Bigarren gutun honek hamahiru txataleko kapitulu bat dauka. Joanen Hirugarren Gutunaren atzetik Bibliako libururik laburrena da.

Egilea

Gutunean ez da ez egilearen, ez igorlearen izenik aipatzen. Bere eduki eta estiloa Ebanjelioa Joanen araberaren eta Joanen beste gutun bien oso antzekoak direnez gero, Joanen Bigarren Gutuna Joan Apostoluak idatzi zuela uste da. Joanek gutunak idatzi ez balitu ere, seguru asko, gutunok Ebanjelioa Joanen araberaren talde edo eskola teologiko berean jatorria leukakete behintzat.

Gutunean egileak "ikasle zahar" izena ematen dio bere buruari, seguru asko, gutunaren igorleek idazlea ohorez hala ezagutuko zuten. Agintea eta duintasuna adierazten dituen titulua da, eta elkarte-buruei ematen zitzaien. Asiako elizetan bereziki, apostolu-tradizioaren lehen lekukoei ematen zitzaien izen hori: Jaunaren ikasle izandakoei edota haieezagutu zituztenei.[1] Joan Presbiteroa gutun honen eta 3 Joanen egilea dela uste da.[2]

Joan Apostolua ustezko egilea den idazlanen egiazko egilea ote den auziari joandar auzi deritzo.

Hartzaileak

Joanen Bigarren Gutuna "andere hautatuari eta haren seme-alabei" zuzenduta dago, eliza-elkarte jakin bat eta bertako kideak deitzeko era poetikoa.[1] Andere hitza (κυρία) testuinguru profanoan elkarte esateko erabili zen, eta Itun Berriko zenbait testutan sinesleen elkarteari Kristoren neska-lagun izena ematen zitzaion.

Edukia

Joanen Lehen Gutuna ez lez, Joanen Bigarren Gutuna benetako gutuna da. Testu laburra da, eta papiro-orri batean sartzen da (Joanen Hirugarren Gutunaz gauza bera esan daiteke), sasoiko gutunek edukitzen zuten ohiko luzera. Horretaz gain, elkartasuna eskatzen du, eta aginduak betetzea.

Egitura

  • Agurra (1:1-3)
  • Elkar maitatu (1:4-6)
  • Kontuz antikristoekin (1:7-11)
  • Azken agurra (1:12-13)

Erreferentziak

  1. a b «2 J 1:1 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
  2. (Ingelesez) Schonfield, Hugh J.. (1998). «Preface to the Letters of John the Elder» The Original New Testament. The definitive translation of the New Testament in 2000 years. Shaftesbury, Dorset (Erresuma Batua): Element Books Ltd, 533-534 or..

Ikus, gainera

Kanpo estekak